FC BADALONA WOMEN 0-0 REAL SOCIEDAD

Batzen jarraitzen dugu

Realak puntu bat eskuratu du oso parekatua eta aukera gutxikoa izan den neurketan. Txuri-urdinek hobera egin dute minutuak aurrera joan ahala, eta bigarren zatian golaren bila aritu dira etengabe, baina ez dute saririk aurkitu. 

Neurketa parekotasun handiarekin hasi da, bi taldeetako inork jokoaren agintea bereganatu gabe. Lehen ordu laurdenean ez da arrisku aukerarik izan area inguruan, eta partida trabatua izan da, espazioak aurkitzeko zailtasun handiekin. Minutuek aurrera egin ahala, neurketak ildo beretik jarraitu du, eta lehen ordu erdia beteta, gol aukerak iritsi gabe zeuden oraindik. Handik gutxira, ordea, partidaren norabidea aldatu duen jokaldia iritsi da, etxeko taldea jokalari bat gutxiagorekin utzi duena. Ceciliak atzelarien bizkarra irabazi du eta, atezainaren aurrean bakarrik geratu denean, etxeko taldeko atezainak bere areatik kanpo aurretik eraman du. Epaileak falta adierazi eta txartel gorria zuzenean erakutsi dio atezainari.

Atsedenaldiaren ostean, Realak beste martxa batekin ekin dio bigarren zatiari, jokoaren kontrola bereganatuz eta aurkariaren areara arrisku handiagoz iritsiz. Hala ere, lehen sustoa etxeko taldeak eman du kontraeraso batean, baina Lucíaren errematea kanpora joan da. Txuri-urdinen erantzuna berehala iritsi da: Intzaren jaurtiketa Txell Fondek gelditu du, eta handik gutxira, Intzak berak egindako erdiraketa Laura Caminok buruz errematatu du, baina atezainak baloia gelditzea lortu du. Chacónek baloia sareetara bidali du ondoren, baina epaileak gola baliogabetu du, aurrelari txuri-urdinaren jokoz kanpoko oso estua adierazita. Realak erasora begira jarraitu du azken minutuetara arte, golaren bila, baina ez du saririk aurkitu.

Gorka Álvarezen taldeak Europan du jada arreta, asteazkenean Edinburgon Heart of Midlothianen aurka Europa Cupen jokatuko duen partidari begira.


Fitxa teknikoa:

FC Badalona Women: Maria, Itzi, Pujadas, Cubedo, S. Majarin (K), Losada (M. Llompart, min.67), Lauri (Kalu, min.86), Paula (Sheila, min. 67), Lucía E. Julve (Txell Font, min. 37) eta Irina (Mirari, min.86).

Real Sociedad: J. Arrula, L. Camino, Apari, Florentino, Moraza, Cecilia (Chacón, min.65), P. Fernández (Seelenfreund, min.86), Cahynová, N. Eizagirre (K) (Ainoa, min. 65), Ainhoa M eta Intza.

Epailea: Paola Cebollada. Etxeko atezaina den María kanporatu du.


Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!