REAL SOCIEDAD 1-4 ATHLETIC CLUB

Gaindituak

Vídeo

Realak porrot gogorra jaso du gaur goizean Anoetan jokatutako euskal derbian (1-4), lehen zatian zuri-gorriak erakutsitako eraginkortasuna erabakigarria izan den norgehiagoka batean.

Partida donostiarrek baloiaren jabetza izanik hasi da. Arrisku handiko lehen jokaldia 13. minutuan iritsi da. Ainhoa Marínek erdiraketa bikaina egin du areara, baina Nerearen burukada gutxigatik joan da kanpora. Bilbotarren erantzuna berehala iritsi da. Elexpuru abiaduraz joan da eskuin hegaletik eta atera errematatzea lortu du, baina Arrulak baloia aldendu du, arriskua urrunduz. 21. minutuan, ordea, Sara Ortega bakar-bakarrik geratu da etxeko atezainaren aurrean eta gainetik gainditu du bilbotarrak aurretik jartzeko. Athleticek defentsaren bizkarrean min egiten jarraitu du, eta jokaldi kolektibo on baten ondoren, Azkonak bigarrena sartu du, berak egindako aurreko jaurtiketa baten aldaratzea baliatuta. Atsedenaldia baino lehen iritsi da hirugarrena. Ortegak hegaletik erdiraketa egin du, eta Azkonak, berriro ere, buruz sareetara bidali du baloia.

Bigarren zatiaren hasieran, ordea, Ceciliak hegaletik egindako erdiraketa Sonia Keefek baliatu du markagailuan aldea murrizteko. Hala ere, bizkaitarrek berriro erreakzionatu dute. Oraingoan, Pinedok sartu du laugarren gola urruneko jaurtiketa baten bidez. Azken golaren ostean, neurketaren erritmoa nabarmen moteldu da. Nereak gipuzkoarren bigarren gola sartzeko aukera izan du area barrutik egindako jaurtiketa batean, baina Nanclaresek baloia harrapatu du. Norgehiagokako azken minutuetan, Nerea Eizagirrek beste aukera argi bat izan du, baina kanpoko atezainak jaurtiketa gelditu du eta markagailua ez da gehiago mugitu.

Porrot gogorra euskal derbian txuri-urdinek aukera gutxi izan dituzten partida batean. Datorren astean garaipenaren bidera itzultzen saiatuko dira, Sevilla FCren bisita jasoko baitute Zubietan.

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: J. Arrula, L. Camino, Apari (M. Molina, min. 82), Florentino, Moraza (Arola A. min. 67), Ainoa (Maren, min. 82), Cahynová (Intza, min. 67), Ainhoa M., N. Eizagirre (kap.), Cecilia eta Keefe (Seelenfreund, min. 72).

Athletic Club: A. Nanclares, Landaluze (Gurtubay, min. 62), Maddi, Bibi (Eider, min. 68), Garazi (Nerea B., min. 68), Valero, Elexpuru, Pinedo (Iribarren, min. 90+1), Agote, S. Ortega eta Azkona (kap.) (J. Amezaga, min. 62).

Golak: 0-1: S. Ortega, min. 21; 0-2: Azkona, min. 36; 0-3: Azkona, min. 39; 1-3: Keefe, min. 51; 1-4: Pinedo, min. 57.

Epailea: Lorena Del Mar. Txartel horia atera die etxeko L. Caminori eta kanpoko Garazi, Landaluze eta Valerori.

Ikusle kopurua: 6.202 pertsona.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!