REAL SOCIEDAD 2-1 FC BARCELONA

Izugarria!

Vídeo

A ze zoramena Anoetan. Beste bat. Realak mendean hartu du Barcelona partida zirraragarri batean. Kanpokoek gehiago menderatu dute norgehiagoka, baina txuri-urdinak askoz finago aritu dira aurrealdean eta asmatzea lortu dute Gaurko gauarekin pozez gainezka dagoen harmaila batek aurpegia eta izaera txalotua erakusten dituen talde baten ahalegin ikaragarria.

Neurketa txuri-urdinei baliogabetutako gol batekin eta Remirok bikain salbatu duen Pedriren errematearekin hasi da. Kanpokoentzat bertan behera geratu diren bi gol eta Guedesek Joanen eskuetara egindako erremate batekin jarraitu du partidak. Baina txuri-urdinek, ziztu bizian, Oyarzabalen bolea batekin aurrea hartu dute ordu erdia pasata. Bartzelonarrek asko estutu dute lehen zatiko azken txanpan, baina atzealdeak eta Remirok ondo erantzun dute atsedenaldira abantailarekin joateko.

Barça ere menderatzen hasi da bigarren zatia eta Olmok, bi aukera argitan, zutoinera errematatu du. Kanpokoen nagusitasunak argia izaten jarraitu du eta sufritzeko ordua izan da. Remirok Arconadaren eskua atera du Lewandowskyk buruz egindako errematearen ondoren. Ezin izan du ezer egin, handik gutxira, Rashforden erremate batean. Baina txuri-urdinen hurrengo jokaldian, Guedesek ezkerretik egindako erdiraketa sare barrura bidali du, algarak harmailetara itzuliz. A ze partida, ama maitea! Eta Oyarzabalek hirugarrena izan du buruan, baina burukada kanpora joan zaio oso gutxigatik. Eta Zubeldiak, atezaina kanpoan zela, baloia atepetik aterarazi dio atzelari bati. Kanpokoek gogor estutu dute azken txanpan eta langarekin topo egin dute berriro, oraingoan Kounderen burukada baten ostean. Donostiarrak hamarrekin geratu dira Solerrek txartel gorria ikusi ondoren, epaileak VAR-ean kontsulta egin eta gero. Donostiarrek hortzez eta haginez borrokatu dute luzapenean, hiru puntu horiei ihes egiten ez uzteko.

Un triunfo de los de verdad. Raza, carácter y pasión. Como las noches de Atotxa, como las buenas de Anoeta. Qué gozada. A seguir.

Benetako garaipena. Arraza, izaera eta grina. Atotxako gauak bezala, Anoetako gau onak bezala. Hau gozamena. Horrela jarraitzera.

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Remiro, Aramburu (Ćaleta-Car, min.82), Zubeldia, Martín, Sergio Gómez (Aihen, min.68), Turrientes (Gorrotxa, min.58), Soler, Brais Méndez (Odriozola, min.58), Take (Barrene, min.68), Guedes eta Oyarzabal (kap).

FC Barcelona: Joan García, Koundé (Roony, min.85), Cubarsí (Gerard Martín, min.85), Eric, Balde (Cancelo, min.63), De Jong (kap), Pedri, Olmo (Rashford, min.63), Fermín, Lamine Yamal eta Ferrán (Lewandowsky, min.63).

Golak: 1-0: Oyarzabal, min.32. 1-1: Rashford, min.70. 2-1; Guedes, min.72.

Epailea: Jesús Gil. Txartel horia erakutsi die etxeko Turrientes, Aramburu eta Zubeldiari eta kanpoko Eric eta Fermini. Etxeko Solerri txartel gorri zuzena erakutsi dio (min. 88).

Ikusle kopurua: 36.346 pertsona.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!