DEPORTIVO ALAVÉS 1-1 REAL SOCIEDAD

Puntu banaketa Mendizorrotzan

Realak puntu bat eskuratu du Mendizorrotzan (1-1), Deportivo Alavésen aurkako derbi lehiatuaren ondoren. Txuri-urdinek une onak izan dituzte, eta garaipena lortzeko aukerak ere sortu dituzte, baina azkenean puntu banaketarekin konformatu behar izan dute.

Etxekoak indartsuago zelairatu dira Mendizorrotzara, eta lehen minutuetan aurrea hartzea ere lortu dute, baina epaileak gola baliogabetu du jokoz kanpo zegoelako. Hasierako minutu horiek gaindituta, txuri-urdinek erreakzionatu egin dute eta arriskua sortzen hasi dira. Ceciliak ezker hegaletik jokaldi ederra egin eta baloia area barrura bidali du, baina Ainhoa Marín ez da gutxigatik errematera iritsi. Hala ere, kataluniarrak ez du bigarren aukera alferrik galdu, eta taldekideen buruz buruko bi erremateren ondoren, area txikian agertu da baloia sare barrura bidaltzeko. Golak indarra eman die Gorka Álvarezen jokalariei, eta bigarrenaren bila jarraitu dute. Estherrek langa gainetik joan den erremate batekin saiatu da lehenik, eta, handik gutxira, Maren Lezetaren jaurtiketa blokeatu du Arabako taldearen defentsak, Ceciliaren jokaldi on baten ondoren. Baina donostiarrak ondoen ari zirenean iritsi da kolpea. Inés Altamirak urrutitik egindako jaurtiketa batekin ezustean harrapatu du Tafallako atezaina, eta markagailua berdindu du. Horrela, dena erabakitzeke iritsi dira bi taldeak atsedenaldira.

Atsedenaldiaren ondoren, txuri-urdinak abantaila berreskuratzeko asmoz zelairatu dira. Nerea Eizagirrek izan du bigarren zatiko lehen aukera, baina area barrutik egindako jaurtiketa langa gainetik joan da. Donostiarrek bigarren golaren bila jarraitu dute, arriskua sortuz, baina azken metroetan asmatu ezinik. Alavesek ere bere aukerak izan ditu, eta Juliak geldiketa bikaina egin behar izan du Carmenen aurkako buruz burukoan, etxekoen bigarren gola saihesteko. Minutuek aurrera egin ahala, bi taldeek garaipenaren gola bilatzen jarraitu dute, baina markagailua ez da gehiago mugitu, eta derbia puntu banaketarekin amaitu da Mendizorrotzan.

Puntu bat derbi gogor batean, baina gehiagoren gosez geratu dira donostiarrak. Atseden hartzeko ia denborarik gabe, Gorka Álvarezen jokalariek beste hitzordu berezi bati egingo diote aurre datorren asteburuan: SD Eibarren aurkako derbia Ipuruan. Garaipenaren bidera itzultzeko beste aukera bat izango dute bertan.


Fitxa teknikoa:
Deportivo Alavés: Sofía, Hanane, I. Altamira, Pichi, Merche Izal (Amaya, min. 90), Almudena, Navajas (Reyes, min. 90), N. Opazo, Viles, Guallar (Brasero, min. 70) y Carmen.
Real Sociedad: J. Arrula, Esther (Moraza, min.57), Apari, Florentino, L. Camino, Ainoa, Maren (Seelenfreund, min. 90), Ainhoa M. (Keefe, min. 82), Intza (Arola A., min.57), Cecilia y N. Eizagirre
Golak: 0-1: Ainhoa M., min. 18; 1-1: I. Altamira, min. 29.
Epailea: Zulema González. Etxeko Merche Izal eta kanpoko Esther, Ainoa, Arola A. zein Florentino zigortu ditu.



Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!