Realak huts eta bi galdu du Valencia CF taldearen aurka gaur arratsaldean Zubietan. Txuri-urdinek, azken asteetako gidoia errepikatu den partida batean, neurketa berri bat galdu dute eta azken asteetako bolada txarra eten gabe jarraitzen dute.
Donostiarrek indartsu ekin diote partidari eta Mirarik lehenengoa oso gertu izan du Canalesek bikain gelditu duen ezkerkada batekin. Hala ere, seigarren minutuan Martik baloia lapurtzea lortu du eta, arrapalada luze baten ondoren, baloia gurutzatu du kanpokoak markagailuan aurreratzeko. Gipuzkoarrek berehala erantzun dute eta Amaiur berdinketa lortzeko zorian egon da atezaina gainditu nahian, baina baloia langa gainetik joan da. Onena handik gutxira iritsi da Nereak eragindako penalti batekin (baloiak Kerllyren eskuan oso argi jo ostean), baina kapitainak ezin izan du hamaika metroetatik asmatu. Txuri-urdinei kosta egin zaie erreakzionatzea eta valentziarren bigarrena gertuago egon da berdinketa baino, batez ere Browneren burukada batean, Aparik atepetik urrundu duena.
Donostiarren nagusitasuna nabarmenagoa izan da aldageletatik igaro ondoren. Aukerak, hori bai, ia ez dira egon. Canalesek harrapatu duen Ceciliaren ezkerkada bat donostiarren iritsiera arriskutsu bakarrenetakoa izan da. Onena azken txanpan iritsi da, Lorenaren burukada batekin korner baten irteeran, atezainak, geldiketa ikusgarri batekin, urruntzea lortu duena. Luzapenean, Emmak, ukitu duen lehen baloian, baloia barrura bidali du eskuinkada eder batekin norgehiagoka erabakita uzteko.
Porrot berri honek zazpigarren postuan uzten ditu txuri-urdinak. Datorren larunbatean, RCD Espanyolen aurka garaipenaren bidera itzultzeko aukera berria.
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad: J. Arrula, Emma (Franssi, min. 46), Etxezarreta, Apari, Cecilia, Andreia, Lezeta (Lorena, min. 76), Cahynová, N. Eizagirre (kap.) (L. Pardo, min. 46), Amaiur (Intza, min. 46) eta Mirari (Agirrezabala, min. 46).
VCF Femenino: Canales, Kerlly R., Florentino, M. Carro (kap.), Marques, Simon (Asun, min. 56), Tamarit (Ainhoa, min. 56), Aida (Emma, min. 90), M. Martí, Browne (Yasmin, min. 56) etaAnita Marcos (Mascarell, min. 88).
Golak: 0-1: M. Martí, min. 6; 0-2: Emma, min. 92.
Epailea: Peláez Arnillas. Txartel horia erakutsi die etxeko Lezetari eta kanpoko Marquesi.