REAL MADRID CF 3-1 REAL SOCIEDAD

Luzapenean kanporatuak

Vídeo

Realak hiru eta bat galdu du Real Madriden aurka gaur gauean Alfredo Di Stéfano zelaian jokatutako final-laurdenetako kanporaketan. Donostiarrek luzapena behartzea eta azkenera arte Europako talde onenetako baten aurka borrokatzea lortu dute, baina azkenean kanporatuak izan dira.

Txuri-urdinak nortasunez irten dira zelaira, partidaren pisua eramanez eta Real Madridi gainditzen saiatuz. Lehen aukera, hori bai, zuriena izan da: Olgak ezkerkada jo du área aurrealdetik eta Letek baloia arazo handirik gabe harrapatu du. Eta bigarrenean ez dute barkatu: Antoniaren erdiraketa eskuinetik eta Weirrek, baloia kontrolatu ondoren, erremate gurutzatu bikain batekin jokaldia definitu du. Donostiarrek ez diote aurpegia galdu neurketari eta lehen zatiko azken jokaldian, Amaiurrek, areaz kanpotik egindako eskuinkada ikusgarri batekin, kanporaketa berdintzea lortu du.

Etxekoek beste martxa bat jarri dute aldageletatik igaro ostean eta gola sartzeko bi aukera oso argi izan dituzte: lehenengoa, Letek ondo urrundu duen Athenearen buruz burukoa, eta bigarrena, Bruunek area barruan egindako jaurtiketa bat, langan jo duena. Partidak erritmoa galdu du minutuek aurrera egin ahala, gipuzkoarrak berdegunean ondo kokatuta eta gehiegi sufritu gabe zeudelarik. Arauzko denboraren azkena Linda Caicedok izan du, ate gainetik joan den erremate batekin.

Luzapena hasi eta minutu gutxira, madrildarrek berriro aurrea hartu dute markagailuan, Linda Caicedok gidatutako kontraeraso bati esker, Tolettik amaitu duena. Bigarren hamabost minutuak hasi eta berehala, Caicedok kanporaketa erabakita utzi du etxekoen hirugarren gola sartuta. Ezin zaie ezer aurpegiratu txuri-urdinei, dena utzi baitute klubarentzat hain berezia den txapelketako finalerdietara iristen saiatzeko. Hau ez da gelditzen eta igandean beste partida handi bat aurretik: Athletic Cluben aurkako derbia San Mamesen.

Fitxa teknikoa:

Real Madrid CF: Misa, Antonia S. (Shei, min. 91), Rocío (M. Méndez, min. 91), Lakrar, Olga (kap.), Toletti, Angeldahl (Eva Navarro, min. 91), Weir (Teresa, min. 67), Athenea, Linda C. (Irune, min. 108) eta Bruun (Redondo, min. 67).

Real Sociedad: Lete, Emma, Lucía (Etxezarreta, min. 108), Apari, Izarne, Andreia (Lezeta, min. 108), Cahynoná, Lorena (E. Guridi, min. 85), L. Pardo (N. Eizagirre, min. 63), Amaiur (kap.) (Intza, min. 92) eta Mirari (Franssi, min. 63).

Golak: 1-0: Weir, min. 22; 1-1: Amaiur, min. 45+1; 2-1: Toletti, min. 95; 3-1: Linda C., min. 107.

Epailea: González González. Txartel horia erakutsi die etxeko Lakrar, Olga eta Tolettiri eta kanpoko Lucía, Cahynová eta Izarneri.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!