Gure belar hockeyko taldeak bana berdindu du RS Tenis taldearen aurka gaur arratsaldean. Txuri-urdinak jaun eta jabe izan dira partida osoan zehar, baina ez dituzte euren aukerak aprobetxatu eta puntu bakarra eskuratu dute azken minutuetan gol bat jaso ostean. Hasieratik nabarmendu da kanpokoen nagusitasuna eta laster jarri dira aurretik Fede Cartaren golari esker. Atzera egin beharrean, arriskua sortzen jarraitu dute donostiarrek, eta hainbat iritsiera izan dituzte lehen zatian zehar abantaila handitzeko, baina ez dute asmatu eta atsedenaldira huts eta batekoarekin iritsi dira.
Bigarren zatian, norgehiagokak ildo beretik jarraitu du, talde gipuzkoarrak bigarrena egiten jarraitu baitu gogor defendatu duen etxeko taldearen aurka. Golik gabeko hirugarren laurdenaren ostean, azkenekoan ustekabeko zartakoa iritsi da kantabriarren golarekin, Milagros Fernandezek stroke penalti bat sartu ostean. Azken txanpan, donostiarrak bigarrena egiten saiatu dira, baina ia ez dute erreakzionatzeko denborarik izan eta puntu bakarra lortu dute aurkaria baino askoz gehiago izan diren neurketa batean. Lastima bi puntu horiek ihes egin izana, garaipena merezi izan baitute. Datorren astean jardunaldi bikoitza izango dute Zubietan: larunbatean Atlètic Terrassaren aurka eta igandean CD Terrassaren aurka.