REAL VALLADOLID CF 3-1 SANSE

Mingarria

Vídeo

Sansek ezin izan du punturik lortu Valladolidera egindako bisitan hiru eta bat galdu ostean. Gipuzkoarrek ez dute zorte handirik izan lehen zatian, bi penalti aurka adierazi dizkiote eta (horietako bat oso-oso-oso zalantzazkoa).

Lehen aukerak txuri-urdinen alde iritsi dira. Hainbat kontraerasotan, Soroetak eta Astiazaranek jaurtiketa arriskutsuak egin dituzte, baina ez dute etxeko atezaina gainditzea lortu. 7. minutuan, ordea, Dani Díazek eskuin hegaletik egindako jokaldi on baten ostean, Soroetak bizkarrez errematatu du, donostiarrak aurretik jartzeko. Etxeko taldeak kanpokoen golaren ostean erreakzionatu egin du, eta lehen zatiaren erdialdera iritsi aurretik, epaileak penaltia adierazi du Valladoliden alde. Víctor Barberák ez du hutsik egin, eta berdinketa lortu du. Ez da etxeko taldeak izan duen penalti bakarra izan. Atsedenaldira iritsi baina lehen, hegaletik egindako erdiraketa batek Díazen besoan jo du, besoa modu naturalean zuela. VARa kontsultatu ostean, bigarren penaltia adierazi dute. Oso-oso-oso eztabaidagarria. Oraingoan, Víctor Fernándezek sartu du Valladoliden bigarren gola, penaltiz. Lehen zatiko azken jokaldian, Dani Díazek banakako jokaldi bikaina egin du, baina haren errematea gutxigatik joan da kanpora.

Bigarren zatiko hasiera lehen zatikoaren antzekoa izan da. Lander Astiazaranek hainbat jaurtiketa egin ditu area kanpotik, baina ez du asmatu. Hala ere, etxeko taldeak berriro ere, Gipuzkoarren defentsaren bizkarrera egindako pase baten ostean, Víctor Fernándezek baloia eskuratu eta Aitor Fraga gainditu du hirugarrena ezarriz. Golaren ostean, partidaren erritmoa nabarmen moteldu da. Luzapenean, Osazuwak jaurtiketa bikaina egin du, baina Álvaro Acevesek baloia kornerrera bidali du. Aitor Fragak ere laugarren gola saihestu du, Tai Abeden kontraeraso batean.

Azkenik, txuri-urdinek ezin izan dute punturik eskuratu zelai zail batean, minutu askotan joko ona erakutsi duten arren. Datorren astean, bolada txarrari amaiera ematen saiatuko dira, Leganesen aurka Zubietan jokatuko duten partidan.

Fitxa teknikoa:

Real Valladolid CF: Á. Aceves, I. Alejo (kap.), Miguel Rubio, D. Torres, I. Garriel, J. Ponceau, D. Pérez (Abed, min. 74), Thiago Ojeda (S. Jurić, min. 74), Víctor Jr (De Rooij, min. 84), Barberá (Luis Chacón, min. 63) eta Arnu (Latasa, min. 74).

Sanse: Fraga, Garro, Beitia (kap.), Calderón, Balda, Carbonell (Oleaga, min. 84), Aguirre (Eceizabarrena, min. 66), Díaz (Adjabeng, min. 46), Gorosabel (Osazuwa, min. 74), Astiazaran eta Soroeta (Mariezkurrena, min. 66). 

Golak: 0-1: Soroeta, min. 7; 1-1: Barberá, min. 26 (pen.); 2-1: Víctor Jr, min. 45+1 (pen.); 3-1: Víctor Jr, min. 63.

Epailea: Manuel Ángel Pérez. Txartel horia atera dio etxeko I. Alejori.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!