REAL SOCIEDAD 2-1 RC CELTA

Oso baliotsua

Amaierara arte sufrituz, baina Realak garaipena lortu du Celtaren aurka. Porturen eta Januzajen golek, penaltiz, Hugo Malloren gola gainditu dute. Gaur txuri-urdinek eman diote buelta markagailuari.

Zelaian bi talde ausart egonda, beti espero daiteke neurketa ireki eta entretenigarri bat. Ez du huts egin. Hasierako txistutik norgehiagokak erritmo bizia izan du, bi taldeek abiadura handian eraso egin eta kontrako atea bertikaltasun handiz bilatu dute. Galiziako taldea izan da jo duen lehena, korner batean, Hugo Malloren burukada bati esker. Zorionez, donostiarrek azkar erantzun dute. Carlos Fernandezen pasea eta Portuk, atezainaren irteeraren aurrean, baloia pikatu du berdinketa jartzeko. Handik gutxira, Isaki egindako penaltia suediarrak ezin izan du aprobetxatu. Bere jaurtiketa Ivan Villarrek eten du. Atsedenaldiaren aurretik, beste zigor bat donostiarren alde, geldikako jokaldi batean Murillok Le Normand lurrera botatzeagatik. Oraingoan, jaurtigailua aldatuta, markagailua irauli du Realak. Januzajek, erdiratutako jaurtiketa batekin, txuri-urdinak aurretik jarri ditu.

Bigarren zatiko lehen minutuetan Realak hirugarren gola sartzeko aukerak izan ditu, baina zutoinak Porturen errematea urrundu du. Ondorengo aldaratzeak ere, arrisku handiarekin, ez dira ate barruan oso gutxigatik amaitu. Galiziarrak berdinketaren bila aritu dira eta azken txanpan Remiro asko estutu duten arren, garaipena etxean geratu da. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Remiro, Gorosabel, Aritz (kap), Le Normand (Sagnan, min.85), Monreal, Guevara (Zubimendi, min.68), Guridi, Januzaj (Oyarzabal, min.46), Portu, Carlos Fernandez (Bautista, min.72) eta Isak (Barrenetxea, min.68).

RC Celta de Vigo: Ivan Villar, Hugo Mallo (kap), Nestor (Ferreyra, min.85), Murillo, Aaron (Fontan, min.62), Tapia, Denis Suarez (Fran Beltran, min.62), Brais Mendez, Nolito (Solari, min.78), Iago Aspas eta Santi Mina.

Golak: 0-1: Hugo Mallo, min.22. 1-1: Portu, min.25. 2-1: Januzaj, min.39.

Epailea: Gil Manzano. Txartel hori erakutsi die etxeko Aritz, Sagnan, Carlos Fernandez eta Barrenetxeari eta kanpoko Murillo, Nolito, Hugo Mallo, Denis Suarez eta Iago Aspasi.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!