ATHLETIC CLUB 2-1 REAL SOCIEDAD

Porrota derbian

Vídeo

Realak 2-1 galdu du gaur goizean Lezaman Athletic Cluben aurka jokatu duen euskal derbian. Donostiarrek markagailuan aurrea hartzea lortu dute, baina bizkaitarrek irauli egin dute bigarren zatian, une garrantzitsuetan hobeto aritu baitira.

Lehen zatia oso parekatua izan da. Txuri-urdinen bi aukera onenak Amaiurren bitartez iritsi dira; lehenengo errematea sarearen albotik kanpora joan da eta bigarrena, ordu erdia bete denean, etxekoen defentsak zapuztu duen buruz buruko baten ostean. Bien artean, Nahikarik berea izan du jaurtiketa gurutzatu batekin, oso gutxigatik joan dena. Donostiarrek asko estutu dute azken txanpan eta golaren saria aurkitu dute: Franssiren pase sakona, Emmak eskuinetik erdiratu du eta Nereak, bigarren lerrotik iritsita, ez du barkatu baloia sare barrura bidaliz. Jokaldi ederra eta gol bikaina. Zoritxarrez, pozak gutxi iraun du eta minutu batzuk geroago zuri-gorriek partida berdintzea lortu dute Azkonaren burukada batekin, Marianaren ezkerretik egindako erdiraketaren ostean.

Berdintasuna aldageletatik igaro ondoren mantendu da; bi taldeak garaipenaren bila aritu dira, baina merezi izateko aukerarik gabe. Txuri-urdinak lortzetik gertu egon dira barrurantz joan den Bernaberen erdiraketa batekin eta, azken unean, Quiñonesek urrundu behar izan du gola saihesteko. Bizkaitarrek berea izan dute Pinedoren barnekaldi batekin eskuinetik eta Letek kornerrera bidali duen geldiketarekin. Partida berdinketara bideratuta zegoela zirudien baina, amaierarako hamar minuturen faltan, Azkonak baloia jarri du Amezagak garaipenaren gola lor zezan. Txuri-urdinek berdinketa bilatu dute azken txanpan, baina ez dute asmatu.

Porrota derbian Realarentzat. Orain, geldialdia selekzioek joka dezaten, deskonektatzeko eta indarberritzeko. Bi aste barru, Villarreal CF taldearen aurka jokatuko dute Zubietan.

Fitxa teknikoa:

Athletic Club: Quiñones, Elexpuru, Landaluze (J. Amezaga, min. 82), Maddi, Nevado (Gara, min. 88), Mariana (kap.) (P. Zugasti, min. 79), M. Zubieta, Itxaso, Pinedo, Azkona eta Nahikari.

Real Sociedad: Lete, Emma (Viles, min. 68), Apari, Vanegas, Bernabé, Andreia, Lorena, Amaiur, Franssi (Jacqueline, min. 85), N. Eizagirre (kap.) (I. Arnaiz, min. 73) eta Jensen (Mirari, min. 68).

Golak: 0-1: N. Eizagirre, min. 41; 1-1: Azkona, min. 45; 2-1: J. Amezaga, min. 84

Epailea: Peláez Arnillas. Txartelik gabe.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!