GIMNÁSTICA SEGOVIANA CF 0-0 SANSE

Denetik golak ezik

Vídeo

Sansek hutsean berdindu du Gimnastica Segovianaren aurka La Albueran. Txuri-urdinek puntu bat lortu dute bi taldeek aukera mordoa izan ondoren golik gabe amaitu den neurketa zirraragarri batean.

Lehen zatia bizia eta lehiatua izan da, hasiera parekatua eta aukera handirik gabekoa lehen hogei minutuetan. Hortik aurrera, partida animatzen joan da. Lehen aukera segoviarrek izan dute Farrellen eta Gomezen abagune bikoitzarekin, Fragak ondo gelditu duena. Donostiarrak, berriz, Ruperezen urruneko jaurtiketa batekin saiatu dira. Geroago, Farrellek gertu izan du gola txilena batekin eta Molinak burukada bat gora bidali du. Txuri-urdinen erantzuna Balda eta Mikel Rodriguezen aukera bikoitza izan da, baina etxekoen atezainak eta Llorentek gola eragotzi dute. Llorentek berak area ertzetik probatu du azken jokaldian, baina Fragak gola ekidin du beste behin, atsedenaldira hutsean iritsiz.

Bigarren zatian neurketak erritmo biziarekin jarraitu du eta abagune ugari utzi ditu, batez ere segoviarrentzat, sailkapenaren beheko aldetik ihes egiteko garaipena oso beharrezkoa zutelako. Gotik izan du lehenengoa gipuzkoarrentzat etxekoen atezainak gelditu duen ezkerkada batekin, eta aldaratzean, Molinak Marchalen gola ekidin du. Gimnasticak abagune ugarirekin erantzun du, besteak beste, Gomezek kanpora bidali duen erdiraketa batekin edo Llorenteren ezkerkada batekin, Fragak geldiketa bikainarekin erantzun diona. Gure filiala geldikako jokaldietan eta kontraerasoan saiatu da arriskua sortzen, hala nola zutoinetik gertu joan den Baldaren falta batean eta Marchalek eskuinkada gurutzatu batekin amaitu duen kontraeraso batean. Geroago, Ruperezek ia sekulako gola sartu langatik gora bidali duen zelai erditik egindako jaurtiketa batekin. Azken txanpan, etxekoak erasora joan dira eta behin baino gehiagotan izan dute gertu gola, hala nola Farrellek sarearen albora jaurti duen ezkerkadan, Fernanek area ertzetik egindako eskuinkada Carbonellen jo ondoren gutxigatik kanpora joan denean edo Hugok asmatu ez duen aldaratze batean. Sinestezina badirudi ere, hutsean amaitu da norgehiagoka.

Puntu bat gehiago Sanserentzat puntu bat golak izan ezik denetik egon den partida batean. Txuri-urdinek dinamika onean jarraitzen dute eta gero eta gertuago dute Bigarren Mailara igotzeko playoffa jokatzea. Datorren astean Ponferradina aurkari zuzena jasoko dute Zubietan oso parekatua aurreikusten den neurketa jokatzeko.

Fitxa teknikoa:

Gimnástica Segoviana CF: Oliva, Abel, S. Molina, Rubén, Manu (kap.) (Hugo D.R., min. 80), Fernán, F. Llorente, Berlanga (Maroto, min. 30), M. Céspedes (J. Borrego, min. 67), Gómez eta Farrell.

Sanse: Fraga, Rupérez, Beitia, P. Rodríguez (kap.), Balda, Carbonell, M. Rodríguez (Osazuwa, min. 85), Astiazaran (E. García, min. 63), Goti, Marchal (Ramírez, min. 73) eta Orobengoa (Carrera, min. 73).

Epailea: López Parra. Txartel horia erakutsi die etxeko Abeli eta kanpoko Ruperezi.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!