Gure hirugarren taldeak bi eta bat galdu du Alaves B taldearen aurka gaur arratsaldean Ibaian. Txuri-urdinek aurrea hartu dute lehen zatian, baina ezin izan diote emaitzari eutsi eta matematikoki 3. RFEF mailara jaistea ziurtatu duen porrota jaso dute.
Donostiarrek oso ondo hasi dute neurketa eta hainbat iritsiera arriskutsu izan dituzte, baina ez dira fin ibili azken metroetan. Minutuak aurrera joan ahala, norgehiagoka parekatu egin da eta ez da ia abagunerik egon. Atsedenaldira hutsean iritsiko zela zirudienean, Eceizabarrenak arratsaldeko lehen gola sartu du kanpoko taldea aurretik jartzeko.
Bigarren zatian, arabarrek berdinketa lortu dute Lucas Mouraren golari esker. Hurrengo jokaldian, epaileak penaltia adierazi du gipuzkoarren alde, baina Swiderskik geldiketa bikaina egin dio Eceizabarrenari. Partida amaierara iristear zegoela, babazorroek partida irauli dute Ander Sanchezen golarekin. Azken minutuetan ia ez da erreakzionatzeko denborarik izan eta neurketa bi eta batekoarekin amaitu da.
Horrela, gure bigarren filialak matematikoki ziurtatu du 3. RFEF mailara jaitsiera. Urte zaila izan da, non gauzak ez diren nahi bezain ondo atera. Nahiz eta denboraldi hasiera kaskarra egin, txuri-urdinek ez dute inoiz amore eman eta partida bikainak egin dituzte mailari eusteko borrokan mantentzeko, baina azkenean ezin izan dute lortu. Datorren denboraldian merezi duten mailara itzultzeko lehiatuko dute. Burua gora, mutilak!
Fitxa teknikoa:
Deportivo Alavés B: Swiderski, Egoitz ML, Iovu, Álvaro, A. Palacios, T. Mendes (kap.), Alberto M., Arzak (Xanet Olaiz, min. 72), L. Pinillos (Julen Jon, min. 82), González de Heredia (Ander Sánchez, min. 72) eta Lucas Moura (Morcillo, min. 61).
Real Sociedad C: Zango, Garro, Díaz de Alda, Segurola, Torres, Oleaga, Aguirre, Eceizabarrena (kap.) (Arruti, min. 84), Otadui (H. Rodríguez, min. 84), Nebreda (Samuyiwa, min. 73) eta Cabo.
Golak: 0-1: Eceizabarrena, min. 40; 1-1: Lucas Moura, min. 58; 2-1: Ander Sánchez, min. 86.
Epailea: Lago Barreiro. Txartel horia erakutsi die kanpoko Eceizabarrena eta Segurolari.