MALAGA CF 2-1 SANSE

Saririk gabe

Vídeo

Sansek bi eta bat galdu du gaur gauean Malagaren aurka La Rosaledan. Talde andaluziarrak ez du partidarik galdu oraindik etxean eta txuri-urdinek merezimenduak egin dituzte emaitza positibo bat ateratzeko.

Lehenengo zatia izugarria izan da, eta bi taldeek gol aukera ugari izan dituzte. Intentsitate maila altuarekin hasi du partida Sansek, eta bostgarren minuturako bi aukera izan ditu, lehena Djouahrak eta jarraian Sangallik. Bigarren honek estreinatu du markagailua txuri-urdinentzat bigarren zutoinean buruz errematatutako korner bati esker. Gutxi iraun du gipuzkoarren pozak, bi minutu geroago Robertok Ayesaren atean gola sartu eta berdinketa egitea lortu baitu. Erritmoak ez du behera egin. Bi taldeek aurkariaren atera gerturatzen jarraitu dute, eta hurreratze horietako batean Malagak bigarrena egitea lortu du Paulinoren erremate bati esker. Hala ere, Sansek ez ditu besoak jaitsi eta aurkariaren atea erasotzen jarraitu du, lehenengo minutuetan egin duen bezala. Magunazelaiak izan du txuri-urdinen aukera garbiena. Atzelariari baloia lapurtzea lortu du presio on baten ondorioz, baina ez du asmatu atezainaren aurrean eta bere errematea kanpora joan da. Beraz, bi eta bateko markagailuarekin joan dira bi taldeak aldageletara.

Bigarren zatian erritmoa jaitsi egin da. Joko zuzena alde batera utzi eta talde gipuzkoarrak baloiaren jabetzarekin min egin nahi izan dio Malagari. Lehenengo zatia aukeraz beteta egon bada ere, bigarren berrogeita bost minutuetan atezainek ez dute lan asko izan. Sanserentzat aukera garbiena Aldasorok izan du. Djouahrak erdiraketa milimetriko bat jaurti du bigarren zutoinera, baina erdilari gipuzkoarraren errematea kanpora joan da. Txuri-urdinek bigarren golaren bila jarraitu dute, baina arrakasta handirik gabe. Malagak, bitartean, kontraerasoko aukerak baliatu nahi izan ditu hirugarren gola egiteko. Amaieraraino saiatu dira Xabi Alonsoren mutilak, baina ez dute berdinketaren gola lortu.

Partida galdu du, baina Sansek aukera asko izan ditu hiru puntuak inork lortu ez dituen zelaitik zerbait positiboa ateratzeko. Igandean UD Ibizaren bisita jasoko dute Reale Arenan. Aupa Sanse!

 

Fitxa teknikoa:

Malaga CF: Dani, Victor G., Juande, Peybernes, J. Jimenez, Paulino, Escassi (kap.), Genaro, Antoñin (Kevin, min. 67), Brandon (Ramon, min. 78) eta Roberto (Jairo, min. 90).

Sanse: Ayesa, Blasco, G. de Zarate, Arambarri (Gabilondo, min. 16), Romero (Martin, min. 79), Pokorny, Aldasoro (Lopez, min. 79), Sangalli (kap.), Djouahra, Alkain (Valera, min. 60) eta Magunazelaia (Karrikaburu, min. 79).

Golak: 0-1: Sangalli, min. 7; 1-1: Roberto, min. 9; 2-1: Paulino, min. 29

Epailea: De la Fuente Ramos. Txartel horia atera die Malagako Genarori eta Sanseko Pokorny eta Aldasorori.


Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!