REAL SOCIEDAD 2 (4)-2 (3) CA OSASUNA

A ze gaua!

Reala Errege Kopako final-laurdenetarako sailkatu da gaur gauean, Osasuna penaltietan mendean hartuta. Gorritxoen bi gol goiztiarrek ez diete donostiarrei partida biderkatu eta berdintzea eragotzi. Luzapenean, nahiz eta nagusi izan eta penalti bat huts egin, markagailua ez da mugitu eta hamaika metroetatik erabaki da pasea. Marrerok bi jaurtiketa gelditu eta txuri-urdinak sailkatu ditu hurrengo kanporaketarako.

Lehen aukera etxekoena izan da, Aitorrek Oyarzabalen burukada bat gelditu ostean. Baina Osasuna izan da, bere lehen hurbilketan, aurrea hartu duena Moncayolaren gol ikusgarri batekin. Golari esker hazi egin dira gorritxoak, eta minutu batzuk geroago, etxekoen zoritxarreko jokaldi batean, bigarrena egin dute. Oyarzabalek korner bat desbideratu du Marreroren erreakzioa eragotziz. Oso zail jarri da partida eta Realari asko kostatu zaio arriskua sortzea. Osasuna ondo aritu da atzean eta ez die baimenik eman gipuzkoarrei. Lehen zatiko luzapenean, korner batean, Sucicek lehen zutoinean buruz jo du baloia eta zutoin ondotik kanpora joan da. Gehiago merezi zuen Realak, Solerren beste eskuinkada batekin gola oso gertu izanez, baina bi goleko desabantailarekin joan da aldageletara.

Bigarren zatian, Reala aurrera joan da eta abagune ugari izan ditu gorritxoen atearen aurrean. Solerren kontrol bat luze joan zaio jaurtiketa egitea errazagoa zela zirudienean, Kuboren erremate bat zutoin ondotik kanpora joan da, Oyarzabalen beste bat defentsa batek desbideratu du... Aukera horiek ez ziren sartzen. Azkenean, amaierarako hamabost minuturen faltan, Turrientesek eskuinkada bat atera du area aurrealdetik, Aitor gainditzeko eta partida amaierara arte irekita uzteko. Raulek bat-hirukoa jartzeko aukera izan duen arren (Marrerok ondo saihestu du), donostiarrek gogor jarraitu dute amaierara arte, eta Zubeldiak area barruan bakarrik geratu den baloia baliatu du Anoetan zoramena eragiteko eta lehia berdintzeko. Partida luzapenera joan da. Bertan, burukada distiratsu batean, Budimirrek langarekin topo egin du. Lehen zatia amaitu aurretik, Odriozolaren jokaldi batean, Galan txuri-urdin ohiak eskuarekin ukitu du baloia, eta epaileak, VAR-ean berrikusi ondoren, penaltia adierazi du. Zoritxarrez, Aitorrek Oyarzabalen jaurtiketa urrundu du. Bigarren zatian Reala oso nagusi izan da, Aitorrek partida penaltietara eramateko saihestu dituen bi geldiketa argirekin.

Txandan, Marrero erraldoia egin da eta final-laurdenetarako txartela eman die txuri-urdinei.

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Marrero, Aramburu (Odriozola, min.74), Zubeldia, Ćaleta-Car (Óskarsson, min.89)(Martín, min.91), Sergio, Gorrotxa (Turrientes, min.55), Soler, Sučić (Guedes, min.74), Barrene (Zakharyan, min,55), Take eta Oyarzabal (kap). 

CA Osasuna: Aitor, Arguibide (Rosier, min.63), Boyomo, Herrando, Juan Cruz (Catena, min.85), Moncayola, Muñoz (Torró, min.85), Barja (cap)(Galán, min.63), Bretones, Moi Gómez (Rubén García, min.72) eta Raúl (Budimir, min.98). 

Golak: 0-1: Moncayola, min.4. 0-2: Oyarzabal (b.a), min.17. 1-2: Turrientes, min.75. 2-2: Zubeldia, min.90+2. Penaltiak: Oyarzabal: Gola (1-0); Budimir: Gola (1-1); Guedes: Gola (2-1); Moncayola: Marreroren geldiketa (2-1); Soler: Gola (3-1). Torró: Gola (3-2): Sergio Gómez: Gola (4-2): Rubén García: Gola (4-3). Zakharyan: kanpora (4-3). Catena: Marreroren geldiketa. 

Epailea: Cesar Soto. Txartel horia erakutsi die etxeko Takeri eta kanpoko Moncayola, Herrando, Raúl eta Budimirri.

Ikusle kopurua: 30.147 ikusle.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!