Realak denboraldiaurreko azken lagunartekoa jokatu du gaur goizean Dulantzin. Donostiarrek bat eta huts galdu dute XV. Euskal Herria Kopako finalean SD Eibarren aurka, nahiz eta hasieratik amaierara nagusi izan diren.
Txuri-urdinak jaun eta jabe izan dira lehen zatian. Lehenengo aukera Intzaren burukada batekin iritsi da, baina Laura Martik geldiketa bikain batekin erantzun du. Handik gutxira, Lucia Pardok ere gertu izan du gola, area barruan egindako ezkerkada gurutzatu batekin, atezainak berriro harrapatu duena. Ordu erdia bete ostean, Apari buruz gola sartzeko zorian egon da korner baten irteeran, baina errematea kanpora joan zaio gutxigatik. Armaginen aukera bakarrean, Urangak Estensorori baloia lapurtzea lortu du, baloia sare barrura bultzatu eta lehenengoa sartzeko. Donostiarrek saiatzen jarraitu dute atsedenaldia iritsi aurretik, eta Nereak, erremate on pare batekin, lehia berdindu ahal izan du, baina ez du asmatu.
Aldageletatik igaro ondoren txuri-urdinek nagusi izaten jarraitu dute. Jokoko lehen minutua bete baino lehen, Emmaren erdiraketa baten ondoren, Etxezarretak, Lucia Pardo atezainaren aurrean errematatzera zihoanean, baloia azken momentuan urrundu du. Neurketako onena handik gutxira iritsi da, zutoinean jo duen Nerearen eskuinkada batekin; aldaratzea atea hutsik zegoela bultzatzen saiatu da Lucia, baina Carla agertu da, baloia atepetik urrundu eta gola saihesteko. Azken txanpan Ceciliak berdinketaren gola sartzea lortu du, baina apur bat aurreratuta zegoen eta ez da markagailura igo. Armaginek norgehiagoka erabaki ahal izan dute Sararen kontraeraso batean, baina Arrulak bikain erantzun du. Azkena Cahynovaren bitartez iritsi da, langan jo duen burukada batekin.
Intentsitate handiko denboraldiaurrea proba gogor eta baliotsuekin amaitzen da. Egiaren ordua heldu da, ilusioz beteriko ikasturte batekin. Datorren igandean, lehen hitzordua Madrid CFF taldearen aurka.
Fitxa teknikoa:
SD Eibar: Laura Martí (Astralaga, min. 46), Patri Ojeda (Karolina, min. 75), Etxezarreta, Mireia, Carla, Garazi (Guereñu, min. 60), A. Belem, Altonaga (kap.) (Iribarren, min. 75), E. Moreno (L. Camino, min. 60), Iara (Sara M., min. 52) eta Uranga (Elena Valej, min. 60).
Real Sociedad: A. Estensoro (J. Arrula, min. 46), Lucía (Isasisasmendi, min. 75), M. Molina (Moraza, min. 28), Apari (Soroa, min. 82), Aiara, P. Fernández, Andreia (Cahynová, min. 75), L. Pado, E. Guridi (Emma, min. 28), Intza (Cecilia, min. 82) eta N. Eizagirre (kap.).
Gola: 1-0: Uranga, min. 37.
Epailea: Barragán Gaspar. Txartel horia erakutsi dio etxeko Karolinari.