REAL SOCIEDAD 2-0 FENERBAHÇE

Lehen urratsa emanda

Vídeo

Realak garaipen garrantzitsua lortu du UEFA Women's Europa Cup txapelketako final-zortzirenetako joane neurketan, Zubietan Fenerbahçeri 2-0 irabazita. Lehen zatia parekatua izan da, baina atsedenaldiaren ostean txuri-urdinek asmatu egin dute aurkariaren ate aurrean, eta itzuliko neurketari begira abantaila baliotsua eskuratu dute.

Lehen zatian lehia estua izan da, nahiz eta gipuzkoarrak zertxobait hobeto aritu diren. Estherrek egin du lehen jaurtiketa, baina baloia gora joan da. Turkiarrek izan duten aukerarik argiena, Staškovák Arrularen aurrean izan duen buruz buruko batean iritsi da, baina atezain txuri-urdinak geldiketa ikusgarria egin du. Donostiarrek gola bilatzen jarraitu dute eta Nereak zortea probatu du urrutitik atezainaren eskuetan bukatu duen erremate batekin. Handik gutxira, Maren gola sartzetik gertu geratu da area kanpotik egindako jaurtiketa batekin. Zoritxarrez, baloia zutoinaren ondotik kanpora atera da.

Atsedenaldiaren ostean, txuri-urdinak gogoz zelairatu dira. Hala ere, kanpokoek izan dute lehen abagunea, Arrulak arazorik gabe harrapatu duena. Realaren erantzuna berehalakoa izan da, Ainhoa Marínen bakarkako jokaldi bikain baten ondoren zutoinetik oso gertu atera den jaurtiketa bat hain zuzen ere. Handik gutxira, Nereak korner bikaina atera du eta Marenek buruz errematatu du baloia sareetara, gipuzkoarrak markagailuan aurreratzeko. Realak erasora jotzen jarraitu du eta Ceciliaren pase on baten ondoren, Ainhoa Marínek bigarrena sartu du, ate aurrean bakarrik errematatuz. Markagailuan aurretik, donostiarrek beste gol baten bila jarraitu dute. Ceciliak abagune bikoitza izan du hirugarrena lortzeko. Lehenengoa, atzezainaren gainetik egindako jaurtiketa batekin, eta bigarrena, desbideratuta atera den erremate batekin. Azken txanpan, Maria Alvesek txartel gorri zuzena ikusi du, Ceci atezainaren aurrean bakarrik geratzear zela lurrera bota ondoren. Jada luzapenean, Keefek abantaila handitzeko aukera izan du ere, baina errematea kanpora joan zaio.

Garaipen garrantzitsua gipuzkoarrentzat, Fenerbahçeri 2-0 irabazita itzuliko partidari begira abantaila baliotsua eskuratuz. Txuri-urdinek bigarren zatian sortutako jokaldiak baliatu dituzte Europako kanporaketan lehen kolpea emateko, baina dena erabakitzeke dago oraindik. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: J. Arrula, Esther, Florentino, Moraza (Apari, min. 63), L. Camino, Cahynová, Maren (Ainoa, min. 63), Intza (Keefe, min. 82), Arola A. (Cecilia, min. 63), Ainhoa M. (Seelenfreund, min. 88) eta N. Eizagirre (kap.).

Fenerbahçe: N. Munteanu, Fatma (Ndzana, min. 59), Bowen, Plummer, Busem, Otu, Ece (kap.), Kaján, Abideen (Gurel, min. 76), Alves eta Stašková (Uraz, min. 76).

Golak: 1-0: Maren, min. 58; 2-0: Ainhoa M., min. 64.

Epailea: Martina Molinaro. Txartel horia atera die kanpoko Bowen eta Busemi. Txartel gorri zuzena erakutsi dio kanpoko Alvesi (min. 81).

Ikusle kopurua: 805 pertsona.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!