REAL SOCIEDAD 1-3 VILLARREAL CF

Amaiera okerra

Vídeo

2021 nahi ez bezala amaitzen da. Realak porrota jaso du Reale Arenan Villarrealen bat eta hiru galdu ostean. Oyarzabalek ikusitako txartel gorria erabakigarria izan da bigarren zatiaren hasieran. Kanpokoen estrategiak Isaken hasierako gola irauli du. Agur mingotsa.

Norgehiagokaren lehen aukera argia txuri-urdinentzat izan da. Isakek baloi bat lapurtu du aurkako zelaian eta areara iritsi denean, bere erremate behartua ondo atera du Rullik esku salbatzaile batekin. Realaren abisuaren ondoren, talde horia gora etorri da. Yeremiren erremate gurutzatu batek eta kanariarraren burukada batek gertu izan dute gola, baina ez Diaren errematea bezainbeste, Ryanen aurrean bakarrik, honek baloia gora bidali baitu, zorionez. Partida, oso irekia, joan-etorri etengabean bihurtu da. Berriro ere Isak, Oyarzabalen erdiraketara, gola egin ahal izan du, baina bere burukada oso erdiratuta atera zaio. Etxekoen hurrengo aukera bikoitza izan da. Januzajek erdiraketa bikaina jarri du, eta Oyarzabalek eta Isakek, jarraian, ez dute asmatu. Ordu erdia igaro ondoren, Isakek landutako ekintza batean, erasotzaile suediarrak gol ikusgarria lortu du. Area ertzetik, bertan sartu da eta potentzia eta zehaztasun bikainez egin du tiro. Imanolen mutilen pozak ez du gehiegi iraun; izan ere, sei minutu geroago, korner batetik irtetean, Gerardek berdinketa lortu du kanpokoentzat.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Oyarzabalek txartel gorria ikusi du. Kapitaina berandu iritsi da baloi batera eta gorria ikusi du. Realari atzera egitea egokitu zaio. Ryanek, Reale Arenan egindako debutean, sekulako eskua atera du Gerarden errematean. Baina lehen goleko jokaldi bera eginez, amaierarako hogeira, Gerardek bigarrena sartu du. Neurketako luzapenean Sorlothek berdinketa izan du buruan, baina Rullik Villarreal salbatu du. Azken jokaldian, kontraerasoan, Reala goian zela, kanpokoek hirugarrena egin dute Chuqwuezeren bitartez.

Realak Ligako boladarik txarrenean alde egingo du Gabonetako etenaldira. Atseden egunak ondo etorriko dira pilak kargatuta itzultzeko. Aupa, Real!

 

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Ryan, Zaldua, Zubeldia (Sorloth, min.82), Le Normand, Aihen (Rico, min.82), Zubimendi, Merino (Aritz, min.65), Silva (Barrenetxea, min.52), Januzaj (Portu, min.52), Oyarzabal (kap) eta Isak.

Villarreal CF: Rulli, Foyth, Albiol (cap), Pau, Alberto (Trigueros, min.82), Estupiñán (Pedraza, min.61), Capoue, Parejo, Yeremy (Chukwueze, min.61), Gerard eta Dia.

Golak: 1-0: Isak, min.32. 1-1: Gerard, min.38. 1-3: Chuqwueze, min.95.

Epailea: Figueroa Vázquez. Txartel horia erakutsi die etxeko Merino eta Zalduari eta kanpoko Estupiñan, Pau eta Parejori. Txartel gorri zuzena erakutsi dio Oyarzabali 49. minutuan.

Asistetzia: 29.679 ikusle.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!