NEREA EIZAGIRRE ETA AINHOA MARÍN

Anoetak bere bi protagonista omenduko ditu

Nerea Eizagirrek eta Ainhoa Marínek merezitako omenaldia jasoko dute igande honetan Athletic Cluben aurka jokatuko dugun derbiaren atarian.

Anoeta egun berezi bat bizitzeko prestatzen ari da. Igande honetan, 12:00etatik aurrera, gure emakumezkoen lehen taldeak Athletic Club hartuko du emozioz beteriko beste derbi batean. Egutegian gorriz markatutako hitzordua izango da, eta agertoki paregabean jokatuko da. Gainera, baloia jokoan jarri aurretik, bi protagonista handi omenduko ditugu.

Derbia futbol partida bat baino askoz gehiago izango da. Gure historia ospatzeko, talentua aitortzeko eta, bakoitzak bere modura, Realean arrastoa uzten ari diren bi futbolariren ibilbidea eta lana goraipatzeko aukera izango dugu.

Nerea Eizagirre, 300 partida historia txuri-urdina idazten

Badira kirolaz harago doazen zenbakiak. Nerea Eizagirre gure kapitainak 300 partida ofizial bete ditu Realaren armarria defendatzen. Mugarri historikoa da, orain arte gure emakumezkoen taldearen historian jokalari bakar batek gainditu baitu kopuru hori.

Aintzane Encinasek du gure kamisetarekin partida gehien jokatu izanaren errekorra, 344 neurketarekin. Orain, Nereak ere bere lekua egin du historiako jokalari txuri-urdin handienen artean.

Hirurehun partida konpromisoz, lidergoz, sentimenduz eta kolore hauekiko leialtasunez beteak. Hirurehun partida gure klubaren orainaren parte izaten eta etorkizuna idazten. Gure kapitainak merezitako aitortza jasoko du Anoetako berdegunean, hazten ikusi duen eta gure historiako erreferente handienetako bat bilakatzen lagundu dion zalegoaren babespean.

Ainhoa Marín, Liga F konkistatzen ari den talentua

Bigarren protagonista Ainhoa Marín izango da. Gure jokalariak urriko Liga F-ko jokalaririk onenaren saria jasoko du Anoetan.

Azken hilabetean erakutsitako maila bikainari esker lortu du aitortza hau, bizi duen momentu gozoaren eta taldean duen garrantziaren erakusgarri. Bere talentuak, desoreka sortzeko gaitasunak eta partida bakoitzean ezberdintasunak markatzeko duen ahalmenak txapelketako jokalaririk nabarmenenetako bat bihurtu dute.

Banakako saria izan arren, talde osoaren lana ere islatzen duen aitortza da. Ainhoak familia txuri-urdin osoarekin partekatzeko aukera izango du, Anoeta bezalako agertoki berezi batean.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!