FENERBAHÇE SK 0-2 REAL SOCIEDAD (GUZTIRA: 0-4)

Final-laurdenetara!

Realak historia egiten jarraitzen du Europan. Txuri-urdinek beste gau ahaztezin bat bizi izan dute Istanbulen, UEFA Women's Europa Cupeko final-laurdenetarako sailkapena ziurtatuz, Fenerbahçe 0-2 mendean hartu ostean (0-4 guztira). Balio handiko garaipena izan da, taldeak Europako panoraman egindako hazkundea berresten duena eta gipuzkoarrei amesten jarraitzeko aukera ematen diena.

Neurketa ezin hobeto hasi da donostiarrentzat, lehen minutuan gola lortu baitute. Cahynováren pase sakon batek Ceci aurkitu du, eta honek erdiraketa egin du areara. Ndzanak bere ate barrura desbideratu du baloia, Keefe atzetik iritsi eta hura bultzatzeko prest zela. Golaren ostean, turkiarrek erreakzionatu nahi izan dute, eta Arrula proban jarri dute Ndzanaren beraren jaurtiketa indartsu batekin. Atezain txuri-urdinak, hori bai, bikain erantzun du, arriskua urruntzea lortuz. Reala, ordea, partida kontrolatzen joan da, eta atsedenaldia iritsi baino lehen, Ceciren erdiraketa batek Keefe aurkitu du area barruan. Honen burukadak baloia kornerrera bidaltzera behartu du atezaina. Hirugarrenean iritsi da txiletarraren saria. Intzak kornerra atera du eta Keefek, buruz bira ikusgarria eginez, baloia gurutzatu eta sareetara bidali du, txuri-urdinen abantaila handituz eta kanporaketa bideratuz. Lehen zati bikaina.

Bigarren zatian, turkiarrek pauso bat aurrera eman nahi izan dute, baina donostiarrak izan dira berriro arrisku gehien sortu dutenak. Keefek, area kanpotik egindako jaurtiketa indartsu batekin, Munteanu proban jarri du berriro. Etxeko taldeak Busemen gertu-gertutik egindako erremate batekin erantzun du, baina zorionez baloia kanpora joan da. Aukerarik argiena partida amaitzeko ordu erdi falta zela iritsi da, Abideenek urrutitik egindako eskuinkadak zutoinean jo duenean. Kanporaketa erabakita zegoela, neurketak erritmoa galdu du pixkanaka, eta markagailua ez da berriro mugitu. Horrela, Realak 180 minutuetan zehar erakutsitako nagusitasuna berretsi du.

Garaipen historikoa, UEFA Women's Europa Cupeko zortzi talde onenen artean kokatzen gaituena. Eintracht Frankfurt izango dugu aurkari final-laurdenetan; joanekoa Alemanian jokatuko da otsailaren 3an/4an, eta itzulerakoa, etxean, otsailaren 10ean/11n. Orain, igandeko Anoetako derbian jarri behar dugu arreta. Aupa Reala!

Fitxa teknikoa:

Fenerbahçe SK: Munteanu, Fatma, Plummer, Bowen, Ndzana (Mesude, min. 46), Ece (kap.) (Cansu, min. 72), Otu, Kaján, Busem (Zeynep, min. 59), Abideen eta Stašková (Yağmur, min. 72).

Real Sociedad: J. Arrula, Esther, Apari (kap.) (M. Molina, min. 70), Florentino, L. Camino, Ainoa, Cahynová (Maren, min. 46), Arola A., Intza (N. Eizagirre, min. 59), Cecilia (Zunzunegi, min. 76) eta Keefe (Seelenfreund, min. 59).

Golak: 0-1: Ndzana (b.a.), min. 1; 0-2: Keefe, min. 34.

Epailea: Michaela Pachtová. Txartel horia erakutsi die etxeko Eceri eta kanpoko Seelenfreund eta L. Caminori.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!