Sansek golik gabe berdindu du gaur gauean Nova Creu Altan CE Sabadellen aurka (0-0). Norgehiagoka oso parekatua izan da hasieran, baina donostiarrek aurrerapausoa eman dute minutuak igaro ahala. Bigarren zatian, bereziki, txuri-urdinek arrisku handiagoa sortu dute eta garaipena eskuratzeko abagune garbiak izan dituzte. Hala ere, eskuratutako puntuak jaitsiera-postuetatik kanpo mantentzeko balio die gipuzkoarrei.
Lehen zatian berdintasuna izan da nagusi, eta bi taldeek gutxitan mehatxatu dute aurkariaren atea. Rahmanik sortu du etxekoen jokaldirik arriskutsuena: Olasagastiren gainetik baloia bidaltzen saiatu da, baina jaurtiketa oso desbideratuta joan da. Handik gutxira, Soroetak atzerako artazi bat egin du area barruan, baina baloia gainetik joan da. Jarraian, gipuzkoarrek markagailuan aurrea hartzeko abagune bikaina sortu dute Beitiaren burukada batekin, Tomy Carbonellen erdiraketaren ondoren, baina defentsak baloia aldendu du. Sabadellek Pere Ponsen jaurtiketa batekin erantzun du area barrutik, baina Olasagastik arazorik gabe gelditu du. Hala, golik gabe eta berdintasun handiarekin iritsi dira bi taldeak atsedenaldira.
Bigarren zatian, Joel Priegok urrutitik egindako jaurtiketa indartsu batekin proban jarri ditu Olasagastiren erreflexuak, baina atezainak ondo erantzun du. Handik gutxira, Soroetak atzelarien markatik ihes egin du abiadurari esker. Zoritxarrez, haren errematea langaren kontra joan da. Pena. Jokaldi horretatik aurrera, Sansek aurrerapausoa eman du eta neurketako abagune garbienak sortu ditu. Dani Díazen jaurtiketa zutoinaren ondotik kanpora joan da, eta Ruperezen urrutiko jaurtiketak etxekko atezaina esku hartzera behartu du. Luzapenean, Adjabengek garaipena lortzeko aukera bikaina izan du Lebarbierren pasea jaso ondoren, baina haren saiakera kanpora joan da. Azken jokaldian, Carrera txuri-urdinei garaipena emateko zorian egon da banakako jokaldi on baten ostean, baina haren jaurtiketa eskuineko zutoinetik oso gertu joan da kanpora.
Horrela, Sansek puntu garrantzitsua eskuratu du Sabadellen, nahiz eta bigarren zatian erakutsitako nagusitasunak eta sortutako abaguneek garaipena lortzeko merituak egin dituztela erakutsi duten. Hurrengo jardunaldian, etxean jokatuko dute Sporting de Gijónen aurka, hiru puntuak eskuratzeko helburuarekin.
Fitxa teknikoa:
CE Sabadell: Fuoli, Ton Ripoll (Kaiser, min. 78), Edgar, Català (Owusu, min. 68), Genar (Obolskii, min. 68), Pere Pons (kap.), Quadri (Bonaldo, min. 12), Baena, Joel Priego, Gastón (Alain Ribeiro, min. 78) eta Y. Rahmani (López-Pinto, min. 55).
Sanse: Olasagasti, Ruperez, Beitia (kap.), Kita, Agote (Balda, min. 65), Carbonell (Oleaga, min. 90+1), Lebarbier, Díaz (Adjabeng, min. 78), Gorosabel (Mariezkurrena, min. 78), Marchal (Astiazaran, min. 65) eta Soroeta (Carrera, min. 65).
Epailea: Dámaso Arcediano.Txartel horia atera die etxeko Edgar eta Pere Ponsi y eta kanpoko Beitia, Soroeta eta Lebarbierri.
Disfruta de tu nuevo carnet digital
Zure informazioa eta datuak konsultatu edo aldatu
Zuretzat bakarrik ekintza eta promozio bereziak
Zozketak, sariak, 360 bideoak, etabar
Gure taldeen eta jokalarien estatistikak
Gure artxibo historikoa kontsulta egin
Audioak, postalak, posterrak eta aldizkariak jeisteko prest.
Zure argazkia taldearekin