SD EIBAR 0-3 REAL SOCIEDAD

Aurrerapausoa

Realak merezimendu osoz hartu du mendean SD Eibar gaur goizean Ipuruan jokatutako gipuzkoarren arteko derbian (0-3). Txuri urdinek pazientzia izan dute eta partida pixkanaka lantzen joan ondoren, bigarren zatira arte itxaron dute norgehiagoka irabazteko.

Donostiarrek, espero zen bezala, neurketaren pisua eraman dute. Lehenengo aukera Ednak izan du korner baten irteeran, langa gainetik joan den burukada batekin. Handik gutxira, aurrelariak beste abagune on bat izan du, gutxigatik kanpora joan den erremate gurutzatu batekin. Etxekoak kontraerasoan saiatu dira eta horietako jokaldi batean Belem gola sartzetik gertu egon da, baina Arrulak eragotzi du. Lehen zatiko azkenetakoa Lucia Pardoren bitartez iritsi da, Astralagak harrapatu duen eskuinkada indartsu baten ondorioz.

Armaginek izan dute partidako abagunerik onena bigarren zatia hasi eta berehala, Iribarrenek area barruan egindako errematearekin; Arrulak, geldiketa ikusgarriarekin, arriskua urruntzea lortu du. Eskerrak. Minutu batzuk geroago iritsi da neurketako jokaldi erabakigarria: Intzaren ezkerkada eta Belemek eskuarekin baloia ukitu du. Penalti argia. Ednak, hamaika metroetatik, ez du barkatu donostiarrak markagailuan aurretik jartzeko. Minutu batzuk geroago, Andreiak korner oso neurtua jarri du eta Ednak, nola ez, garaipena bideratu du burukada eder batekin. Aurrelari txuri-uridnaren erakustaldia. Azken txanpan, Lavogezek area barruko aldaratze bat baliatu du norgehiagoka erabakita uzteko.

Meritu handiko hiru puntu azken bi asteetan espero ez genituen emaitzak eskuratu ondoren. Aurrerapausoa unerik egokienean. Orain, atseden hartzera eta, bi aste barru, hitzordu handia Zubietan FC Barcelonaren aurka. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

SD Eibar: Astralaga, L. Camino, Etxezarreta, A. Belem, Carla, Garazi, Altonaga (kap.) (Uranga, min. 80), Iribarren, E. Moreno (Elena Valej, min. 80), Sara M. (Iara, min. 71) eta O. Clement (Carmen Á, min. 64).

Real Sociedad: J. Arrula, Lucía, Florentino, Moraza (kap.), Cecilia (Emma, min. 84), P. Fernández (M. Molina, min. 92), Andreia (Lavogez, min. 84), Intza (E. Guridi, min. 77), Cahynová, L. Pardo (Mirari, min. 77) eta Edna.

Golak: 0-1: Edna (pen.), min. 58; 0-2: Edna, min. 73; 0-3: Lavogez, min. 90.

Epailea: Sánchez Miguel. Txartel horia erakutsi die etxeko E. Moreno, Sara M., Iribarren eta A. Belem-i.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!