REAL SOCIEDAD 2-1 RCD ESPANYOL

Beste garaipen bat

Realak beste garaipen bat lortu du RCD Espanyoli bi eta bat irabazita gaur arratsaldean Zubieta Estadioan. Txuri-urdinak jaun eta jabe izan dira hasieratik amaierara arte, aukera askorekin gol gehiago sartzeko, eta, gol bateko aldearekin irabazi arren, ez dute inoiz garaipena arriskuan ikusi.

Donostiarrak jaun eta jabe izan dira lehen zatian. Hasi eta minutu gutxira iritsi da lehen gola: Lavogezek Arolaren erdiraketa errematatu du, atezainak arriskua urrundu du eta aldaratzea Lavogezi berari erori zaio, baloia Arolari itzuli dio, honek Lucia Pardori eta galiziarrak ez du barkatu lehenengoa sartuz. Minutu batzuk geroago, golegileak aukera paregabea izan du garaipena bideratzeko, baina erremate gurutzatua gutxigatik kanpora joan zaio. Atsedenaldira iritsi baino lehen, oraingoan bai, Lucia Pardok bigarrena egitea lortu du, Paula Fernandezen asistentzia aprobetxatuta atezaina driblatu ostean.

Txuri-urdinek estutzen jarraitu dute aldageletatik igaro ostean. Lavogezek buruz izan du garaipena ziurtatzeko abagunea, baina atezainak gola eragotzi du. Hurrengo jokaldian eta kanpokoen lehen jokaldi arriskutsuan, Brownek Ángeles del Alamoren erdiraketa baliatu du baloia bigarren zutoinean bultzatzeko eta markagailuko aldea murrizteko. Donostiarrei ez die golak eragin eta hirugarrenaren bila jarraitu dute. Aukerak bata bestearen atzetik iritsi dira: Intzak langara bidali duen eskuinkada, atezainak urrundu duen Lavogezen beste burukada bat, Intzaren ezkerkada berri bat Muñozek berriro ere urrundu duena... Baina gola ez da iritsi. Zorionez, ez da beharrezkoa izan, nahiz eta Brownek neurketako azkena izan duen, oso gutxigatik kanpora joan den ezkerkada batekin. Eskerrak, ez zen bidezkoa izango.

Geldialdiaren aurretik funtsezko hiru puntu hirugarren postuan jarraitzeko eta laugarrenarekiko tartea irekitzeko. Hamaika puntuko aldea dago amaierarako bederatzi jardunaldi falta direnean. Jarraitu beharra dago, oraindik lan asko dago egiteko eta. Hiru aste barru, hitzordu erakargarria eta zailtasun handikoa Real Madriden aurka Zubietan. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: A. Estensoro, Arola A. (Emma, min. 71), Lucía, Florentino, Moraza, Cecilia (Aiara, min. 71), P. Fernández, Cahynová, N. Eizagirre (kap.) (Intza, min. 60), L. Pardo (Andreia, min. 60) eta Lavogez (Mirari, min. 88).

RCD Espanyol: M. Muñoz, A. Domènech, Amaia, L. Ballesté, L. Vallejo, Paula P.R (Browne, min. 46), A. Torrodà, Ainoa (kap.) (Arana, min. 69), Mar Torras, Ona (J. Pablos, min. 78) eta Á. del Álamo (Naima, min. 78).

Golak: 1-0: L. Pardo, min. 9; 2-0: L. Pardo, min. 37; 2-1: Browne, min. 51.

Epailea: Elisabeth Calvo. Txartel horia erakutsi die etxeko Cahynovari eta kanpoko visitante Á. del Alamori.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!