Realak bi eta bat galdu du Chelsearen aurka Premier League International Cup txapelketako hirugarren jardunaldian. Óscar Fernándezek zuzendutako U21 taldea oso goiz ikusi da atzetik markagailuan eta, bigarren zatian saiatu den arren, ezin izan du punturik lortu. Emaitza honekin, talde txuri-urdina txapelketako hurrengo fasetik kanpo gelditzen da.
Partida modurik okerrenean hasi da Realarentzat, bost minututara Chelsea aurretik jarri da eta. Washingtonek jokaldi ona egin ondoren indartsu jaurti du, baina Fragak bere jaurtiketa aldaratzea lortu du. Zoritxarrez, Valek arean gelditu den baloia jaso eta sarera bidali du. Nahiz eta erantzuna ematen saiatu, txuri-urdinei asko kostatu zaie arriskua sortzea. Etxeko taldeak aukera argiak izaten jarraitu du eta Washingtonek, jaurtiketa gurutzatu batekin, bigarren gola lortu du. Lehenengo zatiaren azken minutuetan talde donostiarraren aukera argiena iritsi da. Ramírezek Bettinellik aldaratutako baloi bat jaso du, baina bere jaurtiketa ate gainetik joan da.
Óscar Fernándezen taldea oso ondo bueltatu da aldageletatik, gola bilatzeko helburu argiarekin. Lebarbierrek, ate gainetik joan den jaurtiketa batekin, eta Ramírezek, Bettinellik aldaratutako erremate batekin, gertu izan dute gola. Etxekoek ondo defendatu dute, eta gol gehiago lortzeko aukerak sortzen jarraitu dute. Ampah-k hamaika metrotatik izan du aukera Chelsearen hirugarrena egiteko, baina Fragak bere saiakera aldaratu du. Partidako azken minututan iritsi da Realaren gola, Dani Díazen jaurtiketa on bati esker. Amaierara arte berdinketaren gola bilatu duten arren, Óscar Fernándezen mutilek ezin izan dute lortu.
Txuri-urdinak txapelketako hurrengo fasetik kanpo gelditzen dira porrot honen ondoren. Oraindik partida bat falta da Premier League International Cupean, beraz lanean jarraitzeko momentua da. Azkeneko jardunaldian Southamptonen aurka jokatuko du Realak.
Fitxa teknikoa:
Chelsea FC: Bettinelli, Hughes, Murray-Campbell, Wilson, Samuels-Smith, Rak-Sakyi (Ampha, min. 46), Vale (kap), Olise (Sturge, min. 68), Mheuka (McNeilly, min. 46), Silcott-Duberry eta Washington (Morgan, min. 79).
Real Sociedad: Fraga, Rupérez, Beitia (cap), Ropero, Agote, Lebarbier (Ferrer, min. 78), Arruti (G. Gorosabel, min 78), Ramírez, Mariezkurrena (Díaz, min. 61), Marchal (Cabo, min. 31) eta Arenzana (Nebreda, min. 61).
Golak: 1-0: Vale, min. 5. 2-0: Washington, min. 21. 2-1: Díaz, min 88.
Epailea: Aaron Jackson. Etxeko Silcott-Duberry eta McNeillyri, eta kanpoko Lebarbier, Rupérez eta Beitiari erakutsi die txartel horia.