REALE ARENA

Errealitatea da

Vídeo

Realak eta Reale Aseguruak etxeak Reale Arenaren naming right akordioa aurkeztu dute gaur arratsaldean. Ekitaldia lehendakaritzaren palkoan eginda, eta bi erakundeetako ordezkari gorenak elkartu dira –Jokin Aperribay eta Ignacio Mariscal–, Realaren eta Reale Aseguruen ordezkaritza zabal batekin batera.

Reale Arena da Realaren estadio berriaren izena. Horrenbestez, bi erakundeek beste urrats bat egin dute aurrera 2012az gero lotzen dituen harremanean. Orduko hartan, lehenengo babes hitzarmena sinatu zuen aseguru etxeak talde txuri-urdinarekin. Reale Aseguruak etxeak eta Realak hitzarmena sakontzen jarraitzen dute, taldearen ekipazioan Reale marka erakusten jarraitzeko eta, urrats berri honekin, estadio berriari izena emateko. Hala, Reale Aseguruak izango da futbol estadio baten naming eskubideak lortzen dituen lehenengo aseguru etxea Espainian. Birmoldaketa lan guztiak amaitu eta gero, Reale Arena berria Europako estadiorik modernoenetako bat izango da.

Realeko lehendakari Jokin Aperribayk baieztatu duenez, “Estadioaren naming right-aren salmenta sarrera iturri berri bat da,  Kluba indartzen jarraitu ahal izateko gero eta ingurune lehiakor eta globalago batean, eta hor hazten jarraitu nahi dugu, gure nortasunarekiko zintzo”. Gainera, lehendakariak Realaren eta Reale Aseguruen arteko harremanaren balioa agerian jarri nahi izan du. "Eskerrak eman nahi dizkiot Reale Aseguruak etxeari Realaren alde egindako apustu irmoagatik. ‘Reale Arena’ da Realaren etorkizunerako hain garrantzitsua den instalazio honen izena.  Reale Aseguruak bidaide ezin hobea da etapa berri honen ibilbidea egiteko. Konpainia sendoa, 2012tik gurekin elkarlanean diharduena. Zazpi urte hauetan harreman indartsua jorratu da, zintzoa, babes akordio bat baino askoz gehiago partekatzen duten bi erakunderen elkar ezagutzan eta konfiantzan oinarrituta, balioak konpartituz”.

Balio horiek, hain zuzen ere, Reale Aseguruak etxeak babesten dituen proiektuetan gauzatzen dira, Real Sociedad Fundazioari egiten dion ekarpenari esker. Proiektuen artean daude, esaterako, kultura eta futbol jaialdia, Korner, Aste Santuko Nazioarteko Lehiaketa, Amets Bat programa, Gipuzkoako itunpeko klubei zuzendutako programak, Realeko jokalari beteranoekin egiten diren ekintza eta programak, eta Real Sociedad Fundazioak Gipuzkoako beste erakunde eta GKE batzuekin garatzen dituen programak eta jarduerak. Proiektu horietan guztietan Reale Aseguruen lankidetza dugu. 

Reale Seguruetako CEO Ignacio Mariscalek, berriz, harro dagoela nabarmendu du, “Reala bezain klub legendario baten historiaren parte izateagatik, iragan loriatsua duen eta, batez ere, etorkizun handia duen proiektu honi gure hondar aletxoa eskainiz”. Horrez gain, Mariscalek bi erakundeen arteko harreman sendoa azpimarratu nahi izan du: “Lehen unetik, elkarrenganako konfiantzak harreman sendo eta iraunkorra eratu du Realarekin, horri esker gure lankidetza esponentzialki hazi delarik zazpi urte hauetan, gaur honaino irisi arte: ‘Reale Arena’-ren aurkezpena, eta benetan harro gaude”.

Gaurko ekitaldian bi erakundeen ordezkaritza bikaina egon da. Realeko eta Reale Aseguruetako bi arduradun gorenez gain, ekitaldi garrantzitsu horretan izan dira kontseilari realzaleak, gizonen zein emakumeen taldeetako teknikariak eta kapitainak, jokalari ohiak, hiriko alkateorde Nekane Arzalluz eta Izaskun Larzabal arkitektoa. Realaren babeslearen aldetik, EAEko lurralde zuzendari Fernando Carpinterok; Donostiako sukurtsaleko zuzendari Iñigo Aramburuk eta Marka, Publizitate eta babesletzen zuzendari Javier Valbuenak ikusi dute Reale Arena berriko palkoan egin den ekitaldia.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!