OL LYONNES 1-1 REAL SOCIEDAD

Erronka gaindituta

Realak denboraldiaurreko hirugarren lagunartekoa jokatu du gaur goizean OL Lyonnesen aurka. Europako talde handienetako baten aurrean neurtu dituzte indarrak txuri-urdinek, denboraldi honetan berriro jokatuko duten Champions Leaguera begira maila goreneko aurkari baten kontra.

Espero bezala, erritmo eta intentsitate handiarekin hasi da neurketa, eta kalitatea izan da nagusi zelaian. Arturo Ruizen jokalariak ausart zelairatu dira, aurkariaren mailaren aurrean atzera egin gabe. Defentsan sendo aritu dira eta Frantziako taldearen areara iristeko ahaleginean arriskua sortu dute. Avak, Arolak eta Estherrek izan dituzte txuri-urdinen lehen aukera garbienetakoak. Hasiera onak bere saria izan du. Estherrek azkar atera du falta bat eskuin hegaletik, eta ezkerrean Cecilia aurkitu du. Honek arean barrena egin, eta atzera egindako pase bikainarekin Arola aurkitu du. Bigarren lerrotik iritsita, penalti puntutik errematatu eta Realaren lehen gola egin du.

Aldaketa ugarirekin hasi da bigarren zatia, batez ere etxeko taldean, ia hamaikako osoa aldatu baitu. Hala ere, neurketak ez du intentsitaterik ezta kalitaterik galdu. Lehen minutuetan aukera garbiak izan dira bi areatan, nahiz eta Realari zertxobait gehiago sufritzea egokitu zaion Frantziako taldearen bultzadaren eta zelairatu berri diren jokalarien freskotasunaren aurrean. Txuri-urdinentzat exijentzia handiagoko lehen hamabost minutuen ondoren, OL Lyonnesek berdinketa lortu du trantsizio azkar batean. Jule Brandek Realaren defentsaren bizkarrean sortutako tartea baliatu du Alazneren aurrean bakarrik geratzeko, eta buruz burukoan asmatu du markagailuan 1-1ekoa jartzeko. Berdinketaren ondoren, Realak gora egin du pixkanaka, eta gero eta erosoago aritu da zelaian. Neurketak parekatuta jarraitu du, bi taldeek izan dituzte aukerak, eta balio handiko minutuak izan dira txuri-urdinentzat, denboraldiaurreko prestaketan aurrerapausoak ematen jarraitzeko.

Maila goreneko neurketa izan da, Europako talde handienetako baten aurka. Txuri-urdinei minutuak pilatzen eta talde bezala hazten jarraitzeko balio izan die, eta, batez ere, denboraldi honetan Champions Leaguen aurkituko duten mailako aurkari baten kontra indarrak neurtzeko. Balio handiko proba izan da, beraz, prestaketa betean. Hurrengo erronka asteazkenean, abuztuaren 12an, iritsiko da. Realak Sentimendu Kopa jokatuko du Tajonarren, Deportivo Alavésen eta CA Osasunaren aurka.


Fitxa teknikoa:

OL Lyonnes: Endler, Fathallah (Olando, min.36), Sangare, Olivier (Ouazar, min. 36.), Bacha, Dumornay, Shrader, Swierot, Becho, Paralluelo eta Katoto. Bigarren zatia: Grohs, Lawrence, Tarciane, Engen, Bacha, Yohannes, Damaris, Weir, Hegerberg, Benyahia eta Brand.

Real Sociedad: J. Arrula, L. Camino, Apari, Florentino, Moraza (Aiara, min. 30), Arola A., Eshter, Cahynová, Intza (Ainhoa M., min.30), Seelenfreund eta Cecilia. Bigarren zatia: A. Estensoro, Moraza, Apari, Soroa, Aiara, Chacón, N. Eizagirre, Ainoa C., Ainhoa M., Cecilia eta Isasisasmendi.

Golak: 0-1: Arola A., min. 35; 1-1: Brand, min. 64.


Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!