Gauean denboraldiko partida politenetarikoa jokatuko da. Baina festak eguerdian izan du hasiera Bertso Derbiaren edizio berri bat ospatu baita Andoaingo Bastero Kultur Etxean.
Giro bikaina nagusi izan da Bertso Derbian, Real Sociedad Fundazioak antolatutako ekintza Athletic Fundazioaren eta Usandizaga Institutuaren Diseinu Grafiko Zikloaren laguntzarekin. Aurten Andoainen egin da SD Euskalduraren mendeurrena ospatzeko.
Ekitaldian elkarri hitza pasaz kantuan izan dira sei bertsolari. Amets Arzallus, Alaia Martin eta Aitor Mendiluzek hartu dute parte Realaren aldetik eta Sustrai Colina, Jone Uria eta Aitor Etxebarriazarraga Athletic Clubaren partetik. Andoni Egañak egin ditu gai jartzailearen lanak.
Kirola eta kultura uztartzeko ahalegina da Bertso Derbia. Taldeen arteko lehiatik haratago kirolak eta kulturak batu egiten gaituztela sinetsita. Horrez gain, Reala eta Athletic Club Fundazioek euskararen normalizazioan egiten duten ahaleginean kokatzen da Bertso Derbia. Gure hizkuntza eta gure kulturarekiko konpromisoan sakontzeko balio du.