CORDOBA CF 0-2 REAL SOCIEDAD

Final-zortzirenetara

Vídeo

Realak bere betebeharra bete du eta huts eta bi irabazi dio Cordobari Willian Joseren bi golekin. Donostiarrek, bigarren zati on batean, etxeko taldea menderatu dute.

Realak Kordoban hasi du aurtengo Errege Kopa, San Sebastian egunean. Jaiaren falta sumatu du, baina ez eguraldiagatik, Andaluziako hirian euria egin baitu egun osoan zehar. Norgehiagoka 'tranpa' da beti, maila baxuagokoak izan arren, 'handia' kanporatzeko dena uzten duten taldeen aurka. Lehen zatia parekatua izan da, beti txuri-urdinekin baloiaren jabetza izanez, baina gol aukera argirik sortu gabe. Merquelanz eta Roberto Lopezen urruneko tiro pare bat izan dira lehen zatiko nabarmenenak, eta etxeko atezainak ez du ezer egin.

Bigarren zatia abagune argiarekin hasi da. Merquelanzek hegaletik erdiratu du, Barrenetxeak bigarren zutoinean buruz errematatu du eta, atzetik helduz, Guridiren errematea Farrandok atera du atepetik. Gola zen. Ordu laurdena bete aurretik markagailuan aurrea hartzea lortu dute txuri-urdinek. Roberto Lopezek eskuinetik erdiratu du baloia eta Willian Josek, lurrera botata, kordobarren atea gainditu du. Huts eta bat eta partida norabide onetik. Remirok Piovaccariren jaurtiketa batean geldiketa bikaina egin izan behar du. Imanolen mutilek erabakitzeko aukera izan dute, baina Barrenetxearen errematea kanpora joan da, Aihenen jaurtiketa baten ostean. Azkenean, ordea, bigarrena egitea lortu dute, Willian Joseren eskuinkada batekin, eta atezainak ezer gutxi egin ahal izan du.

Reala final-zortzirenetan dago. Gaur, bi taldeen arteko alde handiagatik, zelaian erakutsi behar zen eta Realak egin du. Ostiralean ezagutuko dugu final-zortzirenetako gure aurkaria. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Cordoba CF: Edu Frías, Robles, Molina (kap), Farrando, Espeso, Traore (De las Cuevas, min.66), Del Moral, Ortiz, Moutinho (Luismi, min.82), Oyarzun (Piovaccari, min.51) eta Ledesma (Valverde, min.51).

Real Sociedad: Remiro, Zaldua, Aritz (Le Normand, min.68), Sagnan (Zubeldia, min.78), Aihen, Zubimendi, Illarra (kap) (Guridi, min.46), Lopez (Oyarzabal, min.68), Merquelanz, Barrenetxea (Guevara, min.85) eta Willian Jose.

Golak: 0-1: Willian Jose, min.57. 0-2: Willian Jose, min.84.

Epailea: Cuadra Fernandez. Txartel horia erakutsi dio etxeko Molinari eta kanpoko Illarra eta Aiheni. Etxeko Del Moral kanporatu du txartel hori bikoitza erakutsi ostean Del Moral (min.87).

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!