REAL SOCIEDAD 0-1 LEVANTE UD

Guztiaren aurka

Vídeo

Realak huts eta bat galdu du gaur arratsaldean Levanteren aurka jokatutako partida. Amaierararte modu heroikoan eutsi diote berdinketari, baina Carolen gol batek, eskuarekin ukitutako pase baten ostean, kanpokoei eman die garaipena.

Ligako bi talde garrantzitsuk neurtu dituzte indarrak Zubietan. Txuri-urdinek ligako talde gogorrenetako baten bisita jaso dute, eta lehenengo zatiak ez du huts egin. Kanpokoek hiru aukera oso garbi izan dituzte, bi Gioren hanketatik sortu dira eta hirugarrena Redondoren eskutik, baina aukera guztietan Adriana agertu da gola ekiditeko. Txuri-urdinek ere izan dituzte beraien gol aukerak, eta minutuek aurrera egin ahala iritsi dira garbienak. Lehenengoa Gemmak izan du, baina bere jaurtiketa langa gainetik joan da; eta hortik gutxira Amaiurrek zutoinera jaurti du baloia. Atsedenaldira iritsi aurretik Reala jokalari bat gutxiagorekin gelditu da Vanegasi ateratako bigarren txartel hori eztabaidagarri baten ondorioz.

Txuri-urdinek modu heroikoan eutsi diote markagailuari 60 minutuz jokalari bat gutxiagorekin jokatuta. Levantek, normala den bezala, aukera gehiago izan ditu, areara erdiratutako baloi askoren eta urruneko erremate askoren ondorioz. Nagusitasun hori gutxitu egin da minutuek aurrera egin ahala, eta Realak heldutasun handiarekin jokatu du egoera horretan. Baina partida amaierara iristen ari zela Carolek balantza kanpokoen alde jarri du. Irenek eskuarekin kontrolatutako baloi bat Caroli eman eta honek partidako gol bakarra egin du.

Guztiaren aurka. Txuri-urdinek markagailuari eutsi diote ahal izan dutenerarte, edo utzi egin diotenerarte. Denboraldiko lehenengo porrota izan da, baina horrek ez du lausotu taldeak partida guztian zehar eginiko esfortzua, non gutxienez puntu bat lortzea merezi izan duten. Orain selekzioen geldialdia eta, bi aste barru, FC Barcelonari bisita. Aurrera Reala!


Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Adriana, Emma, Tejada (Etxezarreta, min. 75), Vanegas, Nuria R., I. Arnaiz, Gemma, Amaiur (Pleuler, min. 67), Gaby, N. Eizagirre (kap.) (Mirari, min. 85) eta Franssi. 

Levante UD: Paraluta, N. Mendoza, M. Mendez, Gio (Crivelari, min. 46), Toletti (Andonova, min. 83), Redondo (Irene G., min. 67), L. Baños, Tatiana P. (Carol, min. 67), Alharilla (kap.), V. Calligaris eta Paula T. (Jucinara, min. 46). 

Gola: 0-1: Carol, min. 89 

Epailea: Cebollada López. Txartel horia atera die Realeko Gabyri eta Levanteko Paula T., V. Calligaris eta Alharillari. Gainera Realeko Vanegas kaleratu du bi txartel horirekin (min.37).


Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!