Realak denboraldiko lehen garaipena eskuratu du Las Gaunasen DUX Logroñori azken txanpan irabazita, Nerea Eizagirrek luzapenean sartutako penalti bati esker.
Txuri-urdinak jaun eta jabe izan dira lehen zatian, baina arrisku handirik sortu gabe. Lehenengo aukera Aiarak ezker hegaletik egindako barnekaldi baten ondoren etorri da, desbideratuta joan zaion erremate indartsu batekin. Handik gutxira Paula Fernandez izan da saiatu dena, oraingoan area kanpotik, baina bere jaurtiketa gurutzatua kornerrera desbideratu du Mirallesek. Atsedenaldira heldu aurreko azkenetako bat Andreiak jaurtitako falta batekin iritsi da, Cahynovak gutxigatik kanpora bidali duena. Gutxi nabarmentzeko golik gabeko lehen zati batean.
Donostiarren nagusitasunak aldageletatik igaro ondoren jarraitu du. Nerearen eskuinkada bat langa gainetik, Andreiaren beste bat desbideratuta, kapitainaren beste bat langan jo duena, Arolaren buruz burukoa asmatu ezinik... Markagailua ez zela mugituko zirudienean, dena aldatu da luzapenean. Epaileak falta bat adierazi du area ertzean, Realak jokaldia berrikusteko eskatu du eta Alicia Espinosa monitorera joan da. Minutu askotako zalantzaren ostean, eta Valderasek Lucia Pardo marra gainean (beraz, area barruan) jo duela egiaztatu ondoren, erabakia aldatu du eta penaltia adierazi du txuri-urdinen alde. Hortxe agertu da, ohi bezala, Nerea Eizagirre, Mirallesi odol hotzarekin iruzur egin eta partidako gol erabakigarria egiteko. Gipuzkoarrek bikain kudeatu dituzte azken minutuak denboraldiko lehen garaipena eskuratzeko.
Urrezko hiru puntu azken txanpan. Azkenean, hainbeste saiatzearen saria heldu da. Hau da bidea. Saiatu, saiatu, saiatu... eta fruituak iritsiko dira. Datorren larunbatean, etxean estreinaldia denboraldi honetan Sevilla FC taldearen aurka. Aupa Real!
Fitxa teknikoa:
DUX Logroño: Miralles, Annelie, Colomina, Nata, Iria Castro, Matthews (Valderas, min. 84), Marta (Velazco, min. 75), Falfan, Isina (kap.), P. Partido (Mawete, min. 55) eta Asenjo.
Real Sociedad: J. Arrula, Emma (L. Pardo, min. 46), Apari, M. Molina, Moraza, Aiara (Cecilia, min. 72), P. Fernández (E. Guridi, min. 82), Cahynová, Andreia, N. Eizagirre (kap.) (Florentino, min. 102) eta Arola A. (Lucía, min. 102).
Gola: 0-1: N. Eizagirre (pen.), min. 99.
Epailea: Alicia Espinosa. Txartel horia erakutsi die etxeko Velazcori eta kanpoko Aiarari.