Datorren asteartean, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Gure jaiotzaren, gure historiaren, orainaren eta etorkizunaren ardatza den hizkuntza. Igandean Real Betisen aurka Reale Arenan jokatuko den partida aprobetxatuz, hainbat ekintza burutuko dira euskararen inguruan.
Alde batetik, jokalari txuri-urdinek kamiseta batekin egingo dute salto zelaira, non, bizkarrean, euskarazko hitz bat idatzita egongo den 3 zenbakiarekin, euskararen munduko jardunaldi honen ospakizunaren egunean.
Baina astearte horetan ez da Euskararen Eguna bakarrik ospatuko, Ezinduen Nazioarteko Eguna ere bada. Talde txuri-urdinak, halaber, gaitasun bereziak dituzten pertsona horien guztien hobekuntza eta ongizatearen alde lan egiten duten hainbat kolektibok antolatutako ekintzen parte hartzera gonbidatu ditu.
Horrela, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioko haurrek bufandadun pasilloa egingo diete bi taldeetako jokalariei. Elkartu (Pertsona Ezinduen Federazio Koordinatzailea) elkarteko beste hainbeste neska-mutilek taldearekin argazkia izango dute. Eta LaLiga Genuineko gure jokalariak zelaian egongo dira banderekin partidaren atarian.
Plater nagusia Motxila 21 taldearen emanaldiarekin etorriko da. Down sindromea duten hogei bat musikarik osatzen dute taldea, eta mundu osoan zehar aritu dira lehen mailako artistekin batera. Oraingoan, talde nafar honek "Ama lurra" abestia joko du, besteak beste, Janus Lester, Eider Sáez, La Furia, Albina Stardust eta Goazeneko lau kiderekin batera (Mikele Arizkorreta, Ander Lacalla, Julen Taboada y Ander Murillo). Denek 'aniztasunean euskaraz' lema duen kamiseta jantziko dute.