REAL SOCIEDAD 0-3 FC BARCELONA

Harrotasunez erori dira

Vídeo

Realak agur esan dio Erreginaren Kopari. Txuri-urdinek Europako talde onenaren aurka jokatu dute finalerdietarako txartela lortzeko helburuarekin. Partida handia jokatu eta ahalegin handia egin duen arren, Realak zero eta hiru galdu du eta agur esan dio txapelketa honi.

Emozio izugarria Erreginaren Kopako final-laurdenetako partidan. Zubietak lehen zati zirraragarria bizi izan du ligako txapeldunaren eta sailkapeneko bigarren sailkatuaren artean. Txuri-urdinei maldan gora jarri zaie partida hasieran. 10. minutuan kanpokoek markagailua ireki dute. Claudia Pinak gaueko lehena egin du, area barruko jaurtiketa baten ondoren. Hala ere, berehala erreakzionatu du Realak eta minutu batzuk geroago Amaiur lehia berdintzetik gertu egon da, baina Sandra Pañosek txuri-urdinen lehenengoa eragotzi du. Minutu onak jokatu dituzte txuri-urdinek, etengabe saiatu baitira berdinketa bilatzen. Horrela, handik gutxira, Amaiurrek beste erremate bat izan du bere oinetan, baina kanpokoen atezainak harrapatu du. Bestalde, Claudia Pinak aldeak handitzeko aukera ere izan du, 21. minutuan, baina bere jaurtiketak langan jo du. Partida oso irekia Zubietan non bi taldeek abaguneak izan dituzten partidako hurrengo minutuetan. Zero eta bat amaitu da lehen zatia. Markagailuan azpitik joan arren, Realak lehen zati bikaina jokatu du eta aldagelara sentsazio onekin joan da bigarren zatiari begira.

Atsedenaldiaren ostean, Natalia Arroyoren taldeak jokoa menderatu du eta Zubietak berdinketa ikusten zuenean, Bartzelona ahalguztidunak bigarren gola sartu du, Alexia Putellasen bitartez. Realak bigarren golari buelta eman nahi zionean, Alexiak hirugarrena egin du eskuadratik sartu den jaurtiketa gogor baten ondorioz. Natalia Arroyoren neskek bi gol jaso dituzte partidako unerik onenean. Hirugarrenaren ondoren, eta hurrengo jokaldietan, kanpokoak Elene Letek defendatutako ate ingurura hurbildu dira arrisku handiz. Gipuzkoarrek, ordea, defentsa lan handia egin dute, eta amets egiten jarraitzeko moduko gola sartzen ere saiatu dira. Nereak, gure kapitainak, bigarren zatiko aukerarik argiena izan du 80. minutuan, baina area kanpotik egin duen jaurtiketa gutxigatik joan da. Txuri-urdinen ahalegina handia izan den arren, Realak ez du markagailuko aldea murriztea lortu eta partida zero eta hiruko emaitzarekin bukatu da.

Porrot honekin Realak agur esan dio Erreginaren Kopa berriz eskuratzeko ametsari. Taldeak sinistu eta dena eman du azken unera arte. Hala ere, Natalia Arroyoren taldeak ezin izan du FC Bartzelonaren aurka irabazi. Gure taldeak jokatu duen partidak, finalerdietarako txartela lortzeko balio izan ez duen arren, asko esan du taldea egiten ari den denboraldiaz. Aurrera Reala!

 

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Elene, Emma, Etxezarreta, Vanegas, Nuria, R, I. Arnaiz, Allegra (Gaby G. min.46), Gemma (Mirari, min. 82), N. Eizagirre (kap.), Amaiur (Jensen, min. 69) eta Franssi.

FC Barcelona: Sandra Paños, Mapi Leon, Claudia Pina (Jenni Hermoso, min. 69), Graham Hansen (Ona Baradad, min.88), Marta Torrejon, Alexia Putellas (kap), Patri Guijarro (Andrea Pereira, min. 69), Aitana Bonmati (María Perez, min. 78), Leila Ouahabi, Rolfö (Melanie Serrano, min. 77) eta Ingrid.

Golak: 0-1: Claudia Pina, min. 10; 0-2: Alexia Putellas, min. 53; 0-3: Alexia Putellas, min, 59.

Epailea: Martinez Martinez. Txartel horia atera die etxeko Vanegas eta Gaby G.-ri eta kanpokoen Patri Guijarro eta Rolföri.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!