Ekainaren 10etik 17ra

Gaur hasiko da Korner

Serieak eta idazleak, seigarren edizioko protagonista. 

Kornerrek, Real Sociedad Fundazioak antolatuta, Donostia Kulturaren laguntzarekin, kultura eta futbola elkartuko ditu berriro seigarren edizioan, ekainaren 10etik 17ra bitartean, hiriko hainbat espaziotan.  

Hitzordu berezi honek hainbat arte eta kultura diziplinaren eta futbolaren arteko harremanak esploratzea proposatzen du, eta solasaldiak, proposamen eszenikoak, proiekzioak eta erakusketak izaten ditu, baita jarduera ludikoak ere. 

Jaialdiak 2018an ekin zion bideari, eta bere programan kulturak futbolarekin dituen lotura gero eta ohikoagoak eta askotarikoak erakusten ditu, gaur egun kirolaren eremu hutsetik harantzago doan fenomeno soziala baita. 

Korner ekainaren 10ean hasiko da, larunbata, Antzoki Zaharrean, Oscar Terol umoristak horretarako berariaz sortutako bakarrizketen ikuskizun batekin: Apercibidos. Komiko ezagunaz gain, Maribel Salas eta Sergio Arrospide aktoreek eta El Pirata musikariak ere parte hartuko dute. 

Apercibidos saioa jaialdiko Monologoles sail ezagunaren barruan kokatzen da, non futbolaren eta inguruko guztiaren alderdi desberdinak umorez lantzen baitira. Terolen hitzetan, ikuskizuna osatzen duten hiru bakarrizketek “ gipuzkoarra eta Realaren zale-sufritzailea izateak esan nahi duenaz” hitz egiten dute. 

Sarrerek 18 € balio dute, eta Donostia Kulturako leihatiletan eros daitezke dagoeneko, baita horren webgunean (www.donostiakultura.eus) eta Kornerren webgunean ere (www.korner.eus). 

Asteartean, hilak 13, beste serie baten txanda izango da, hori ere komedia, HBO Maxek ekoitzi eta orain dela aste gutxi emana: Pollos sin cabeza. Kornerrek Carolina Bang ekoizle eta aktore eta Alex de la Iglesiarekin batera seriearen sortzailea eta Miguel Angel Sola aktorea, Jorge Valdano Saenz gidoilaria eta Rodrigo Ruiz Gallardon errealizadorea elkartuko ditu, Reale Arenako Auditoriumean. 

Pollos sin cabeza lanak Betoren historia du ardatz (Hugo Silvak interpretatua): futbolari ohi bat da, orain jokalarien ordezkari dabilena, eta bere agentzia sortu berri du, baina laster arazo pertsonal zein profesionalei egin beharko die aurre. Solasaldia Ylenia Benito kazetariak moderatuko du. Hor ere sarrera librea da lekuak bete arte. 

Serieen ondoren, idazleen txanda izango da, Ernest Lluch Kultur Etxean egingo diren bi ekitaldirekin, biak ere sarrera librearekin. Asteazkenean, hilak 14, “Euskal literatura eta futbola” izenburuarekin, egungo euskal literaturaren egile garrantzitsuenetako bik, hau da, Harkaitz Canok eta Karmele Jaiok, literaturaren eta futbolaren arteko harremanei buruz eztabaidatuko dute, Jon Kortazar kritikari eta EHUko irakasleak moderatuta. 

Ostegunean, hilak 15, Kornerrek atal berri bat estreinatuko du: “Visiones del fútbol”. Horretan, kulturaren eta sorkuntzaren hainbat sektoretako pertsona ezagunek kirol nagusiari buruz egiten duten interpretazioa eta beren obrak horrekin duen harremanak azalduko dituzte. Sail honetako lehen gonbidatua Enrique Vila-Matas da, Espainiako egungo literaturaren funtsezko egileetako bat. Ylenia Benito kazetaria arduratuko da bartzelonar idazleari elkarrizketa egiteaz. 

Ostirala, hilak 16, jaialdian egun ludikoa izango da. “Txurdinekin argazkiak!!” helduek eta haurrek Realeko maskota ezagunarekin argazkiak ateratzeko gonbidapen bat da da. 18:00etan izango da, Ernest Lluch Kultur Etxean, Marrazketabar (Mikel Soro) egilearen Marrazkien indarra erakusketaren esparruan: ilustratzailea eta Txurdinen sortzailea da, baita Realaren irudia berritu duten hainbat diseinurena ere (lehen taldearen autobusa, oroigarri kamisetak, etab.). 

Eta ostiralean baita ere, 19:00etan, Kornerrek proposamen dibertigarri bat prestatu du Reale Arenan. Miguel Gutierrez, Carlos Marañon eta Antonio Pachecok osatutako Saber y Empatar podcastaren taldeak zuzeneko saioa eskainiko du, Ander Izagirre dutela gonbidatu berezi. Futbola, umorea eta pasadizoak, aperitibo batekin batera eta leku pribilegiatu batean, estadioko Premium Gunean, zelaiaren parean, espazio esklusiboetan barrena egindako bisita gidatu labur baten ondoren: mitoen pasilloa, trofeoen bitrina edo jokalarien aldagelak. Ekintza doakoa da, baina beharrezkoa da jaialdiaren webgunean izena ematea. 

Eta azken urteetan ohikoa denez, Kornerrek larunbatean, hilak 17, Chillida Lekun itxiko du bere programa, jarduera bikoitz batekin. 11:00etan, bisita gidatua museoan barrena, eta aperitibo baten ondoren,12:30ean, Andres Neuman argentinar idazleak Argentinak futbolarekin duen harreman biziaz hitz egingo du, zeina Qatarko Munduko Txapelketa irabazi ondorengo ospakizunean egiaztatu ahal izan den berriki. Neumanek Carlos Marañonekin hitz egingo du pasio kolektibo horrek Argentinako kulturan eta gizartean dituen adierazpideei buruz. 





Baliteke irudi batzuetan zu edo zure ardurapean dagoen adingaberen bat agertzea; beraz, irudi horiek CLUBen komunikazio-kanal ofizialeetan argitaratzea nahi ez baduzu, jakinarazi iezaguzu, mesedez, [email protected] posta elektroniko helbidera idatziz, eta berehala kenduko ditugu irudi horiek. Dagokion pribatutasun-politika honako esteka honetan aurki daiteke: https://cdn.realsociedad.eus//Uploads/CntDetalles/419/1/004e32cb-7cea-4362-85c4-537b7a3ade79.pdf

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!