Joan Manuel Serrat, Grison, Laura Ferrero, Mikel Landa, Pello Bilbao, Iñaki Gabilondo, Pedro Torrijos eta Marta Fernandez Vazquez izango dira, besteak beste, ‘Korner. Kultura & Futbol Festibala’ 8. edizioan.
o Programa Reale Arenako, Donostia Kulturako eta Chillida Lekuko hainbat gunetan egingo da, ekainaren 2tik 7ra.
o Joan Manuel Serratek Iñaki Gabilondorekin hitz egingo du Chillida Lekun, beteranoak eta gazteak uztartuko dituen programa bati amaiera emateko, mota guztietako publikoarentzako irekitako edizio honetan.
o Edizio honetatik aurrera, Donostia Kirolak bat egingo du Real Sociedad Fundazioak antolatutako jaialdiarekin, laguntzaile gisa.
Real Sociedad Fundazioak Korner Festibalaren zortzigarren edizioa aurkeztu du gaur eguerdian, Donostia Kirolaren eta Donostia Kulturaren laguntzarekin antolatuta, Donostian, ekainaren 2tik 7ra. Ainara Mugak, Real Sociedad Fundazioko proiektu arduradunak, Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko Kiroletako eta Bizitza Osasuntsuko zinegotziarekin batera, edizio berriaren xehetasunen errepasoa egin dute, Mikel Chillida Chillida Lekuko Garapen zuzendariarekin, Ander Izagirre kazetari eta idazlearekin eta Nahia Sillero aktorearekin batera.
Kiroletako zinegotzi Iñaki Gabarainek hitz egin du, eta esan du garrantzitsua dela Donostia Kirola ikuspegi berrietatik kirolera hurbiltzen diren proiektuen parte izatea, helburu nagusietako bat kirolaren eragin soziala eta hainbat esparrurekin dituen loturak aztertzea baita, Korner Festibalak egiten duen bezala.
Edizio honetan, Korner Reale Arenako hainbat gunetan egingo da, hala nola auditoriumean, non bi topaketa egingo diren; Keler gunean, non Realaren ereserki historikoak eta harmailetako soinu gogoratuenak entzungo diren, edo estadioko soropilean bertan, non Grison ezagunaren ikuskizunaz gozatuko dugun.
Korner Festibala Realaren estadiotik ere aterako da, Chillida Lekun eta Donostia Kulturako bi gunetan egingo diren jarduerekin: Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan eta Ernest Lluch KEn.
Kirol gonbidatua: Txirrindularitza
Korner Festibalak ‘Deporte invitado' atala berreskuratuko du edizio honetarako, txirrindularitza protagonista izango duen hitzaldi batekin. Ander Izagirre kazetari eta idazleak moderatuko du, eta kirol honetako izen handiak izango ditu gonbidatuen artean: Mikel Landa, Pello Bilbao, Leire Olaberria eta Juanma Garate.
Elkarrizketak
'Las nuevas voces del fútbol' saioak Andrea Pelaez (Cope), Nacho Gonzalez (La Media Ingles eta DAZN), Miguel Quintana (Radio Marca eta DAZN) eta Sara Gimenez (Movistar+) elkartuko ditu: lau kazetari gazte, hainbat esparrutatik eta diskurtso berritzaile batekin, futbolarekiko grina transmititu eta publiko gaztea ere haiekin modu naturalean konektatzea lortu dutenak.
'El fútbol es un cuento' atalean, Marta Fernandez Vazquez, Laura Ferrero eta Ana Malagon idazleak izango dira Korner Festibalean, kontakizun laburraren alde duten interesean bat eginda, eta beren lanen, literaturari buruz duten ikuspegiaren eta bizitzak futbolarekin ezar ditzakeen loturen inguruan hausnartuko dute.
'Serrat y Gabilondo, fútbol entre amigos': izenburu horrekin bizitza ulertzeko modu bat partekatzen duten bi ikonoren arteko konplizitatea transmititu nahi da. Haien elkarrizketa dastatzea plazera izango da Chillida Lekun bisita gidatu batez gozatu ondoren.
Podcast Live: Los últimos de la lista
Javier Aznarrek eta Enrique Ballesterrek Ligako eta, oro har, futboleko garrantzitsuena–eta, batez ere, garrantzi gutxien duena– errepasatuko dute 'Los últimos de la lista' podcastean, Reale Arenako premium gunean, publikoa lagun dutela.
Monologoles: Grison
Reale Arenako soropiletik, Grisonek, 'La Revuelta'ko musikari eta umorista ezagunak, show berria eskainiko du, bere txispa bereziarekin umorea eta musika nahastuz.
Realaren Doinuak
Andoni Egaña bertsolariaren eskutik, Mikel Zabala, Brigade Loco eta Xaguak Txistulari Taldearekin batera, Korner Festibalak edizio honetan ibilbide bat proposatzen du Realaren memoria musikal eta soinuetan barrena, ereserki, kantu eta melodien bidez. Lehen suziriaren ondoren, bigarrena noiz entzungo zain-zain gaudelarik, begiak itxi eta bihotz realzalean entzuten diren notekin hunkitu ahal izango gara.
Koloreetako Golak, formatu handiko murala
Judas Arrieta nazioarteko artistak haurrei zuzendutako tailer dibertigarri bat emango du, non formatu handiko mural bat egingo den, talde kirolean, Realaren historia eta sinboloetan eta antzeko gaietan inspiratuta.
Erakusketa Ernest Lluchen
Korner Festibalaren aurtengo erakusketa abuztuaren 14ra arte gozatu ahal izango da Ernest Lluch Ken, zeinak futbolaren indar geldiezina jasotzen duen, hainbat angelutatik begiratuta: inklusioa eta kohesio soziala; leku harrigarrietan eraikitako zelaiak, horien artean plataforma flotatzaileak edo uhartetxo ñimiñoak; eta gerra garaian kirol handi honek su etena lortzeko duen gaitasuna.
Erakusketa ekainaren 3an inauguratuko da, Nahia Sillerok moderatutako hitzaldi batekin, eta Pedro Torrijos arkitektoak eta Intxaurrondo auzoan sortutako 'Kingtxaleague' futbol liga ezaguneko bi ordezkarik parte hartuko dute.
Festibalari eta sarrera edo gonbidapena behar duten ekitaldiei buruzko informazio guztia webgunean eskuratu ahal izango da www.korner.eus.