Sansek lau eta bat irabazi dio Osasuna Promesasi gaur arratsaldean Zubietan aurredenboraldiko lehen neurketan. Txuri-urdinak, Jon Ansotegi entrenatzailearen estreinaldian, nagusi izan dira hasieratik eta bi goleko abantaila lortu dute atsedenaldira iritsi aurretik: lehen gola Serranok egin du bere atean Ochiengen pase bat mozten saiatu ondoren, eta bigarrena Gorka Gorosabelek egin du Kitak bigarren zutoinean egindako burukada bultza eta gero.
Bigarren zatian, ia talde guztia aldatuta, donostiarrek sendo jarraitu dute eta hirugarren gola sartu dute Carreraren buruz buruko batean. Kanpokoek ez dute amore eman eta aldea murriztu dute Jon Garciaren gol bati esker. Hala ere, amaiera baino lehen, Orobengoak laugarrena egin du Jakes Gorosabelen erdiraketa bat lehen zutoinean errematatu ostean.
Sentsazio oso onak utzi ditu gure filialak aurredenboraldiko lehen neurketan. Txuri-urdinak ondo hasi dira eta gogor jarraitzen dute lanean oso berezia izango den denboraldi bati aurre egiteko, izan ere, Bigarren Mailan lehiatuko dira. Asteazkenean, beste froga bat Unionistas de Salamancaren aurka Varean (Errioxa).
Fitxa teknikoa:
Sanse: Folgado, Dadie (Garro, min. 46), P. Rodríguez (kap.) (Segurola, min. 46), Kita (Astigarraga, min. 46), Fernandorena (Agote, min. 46), Lebarbier (Carbonell, min. 46), Oleaga (Aguirre, min. 46), Astiazaran (Ramírez, min. 46), G. Gorosabel (Eceizabarrena, min. 46), Ochieng (Orobengoa, min. 46) eta Osazuwa [Carrera, min. 23 (J. Gorosabel, min. 68)}.
Osasuna Promesas: Stamatakis (R. Fernández, min. 46), Jiménez (Arguibide, min. 46), Serrano (Espejo, min. 46), Alonso (Ansó, min. 46), Chasco (Ciganda, min. 46), San Miguel (Santos, min. 46), Aimar Bonel (J. García, min. 46), Auría (kap.) (Lumbreras, min. 46), B. Pérez (Villamayor, min. 46), Arroyo (Morales, min. 46) eta Asier Bonel (D. González, min. 46).
Golak: 1-0: Serrano (b.a.), min. 20; 2-0: G. Gorosabel, min. 31; 3-0: Carrera, min. 57; 3-1: J. García, min. 74; 4-1: Orobengoa, min. 82.
Epailea: Velasco Arbaiza. Txartel horia erakutsi die kanpoko Alonso eta Moralesi.