Realak Lleida Esportiu CF-ren aurka jokatuko du Errege Kopako final-hamaseiren kanporaketan. Joaneko neurketa urriaren 25a aldera izango da eta itzuleko neurketa azaroko azken astean jokatuko da.
UE Lleidaren disoluzioaren ondoren 2011ean, Lleida Esportiuk hartu zuen bere lekukoa. Zazpigarren sailkatuta dago hirugarren multzoan eta bere etxeko partidak Camp d’Esports de Lleidan (12.500 zale) jokatzen ditu.
Realak hirugarrenez jokatuko du talde katalanaren aurka Errege Kopan. Prezedenteak ezin dira hobeak izan, aurreko bietan aurrera jarraitu baitzuen talde txuri-urdinak. 78-79 Denboraldian, 0-1 garaitu zuen joanekoan, ‘Bixio’ Gorrizen debutean, eta 3-1 itzulerakoan. 92-93 Denboraldian, hutsean amaitu zuen joanekoak eta 3-0 irabazita lortu zuen pasea Realak.