Ostegunean, Europa Leagueko liga faseko partida jokatuko dugu Selhurst Park estadioan, 21:00etan (20:00etan Londresko ordutegian). Londresen 1.500 realzale baino gehiago bilduko dira taldeari babesa emateko hitzordu garrantzitsu honetan. Londresera joango bazara, hona hemen zenbait gomendio:
Realarekin harremanetan jartzeko
Londresera bidaiatzen duten Realeko zaleei zerbitzu hobea eskaintzeko asmoz, klubak langileak bertara bidaliko ditu, zaleei joan-etorrietan, estadiorako sarbidean eta izan ditzaketen bestelako beharretan laguntzeko.
Harremanetarako telefono-zenbakia honako hau izango da: 691525039.
Gogoratu Erresuma Batura bidaiatzeko ezinbestekoa dela indarrean dagoen pasaportea izatea eta Erresuma Batura bidaiatzeko baimen elektronikoa (ETA) izapidetuta edukitzea.
Sarreren harrera
Sarrerak PDF formatuan izango dira, eta azaroaren 24an, asteartean, bidaliko dira.
Eskaera egiteko erabili zenuen posta elektronikoa egiaztatu ondoren sarrerak aurkitzen ez badituzu, jarri gurekin harremanetan tickets@realsociedad.eus helbidearen bidez.
Topagunea (Meeting point)
Zale txuri-urdinen topagunea London Bridge inguruko Bar Redwoods izango da.
Ostegunean, 15:00etatik aurrera (Erresuma Batuko ordutegian), bertan elkartuko gara giroa berotzeko, estadiorantz abiatu aurretik.
Gogorarazten dizuegu debekatuta dagoela kalean edari alkoholdunak kontsumitzea.
Estadiorako joan-etorria
London Bridgetik, poliziak zaleak antolatzen eta dagozkien trenetara bideratzen lagunduko du.
Gomendioa London Bridgetik Norwood Junctionera trenez joatea da.
Norwood Junctionetik, zaleek poliziak lagundutako ibilaldia egin ahal izango dute estadioraino. Ibilaldiak 20–25 minutu inguruko iraupena izango du.
Metroan bidaiatzeko, kreditu-txartelarekin edo kontakturik gabeko ordainketa-sistemarekin (contactless) ordaindu ahal izango da zuzenean tornuan.
Ostegunean eguerditik aurrera Londresko metroan greba deituta dagoen arren, horrek EZ dio eragingo Realeko zaleek topagunetik estadioraino egingo duten ibilbideari, joan-etorria trenez egingo baita, eta ez metroz. Hala ere, hiriko beste toki batzuetatik topagunera iristeko joan-etorrietan eragina izan dezake.
Saihestu beharreko guneak edo ibilbideak
Fan Guide gidaren arabera, The Clifton Arms, estadioaren ondoan, Clifton Roaden dagoena, bertako zaleentzako soilik den establezimendua da partida-egunetan.
Gidak ohartarazten du estadioaren inguruko beste lokal batzuek ere politika bera aplika dezaketela. Horregatik, poliziaren eta segurtasun-langileen (stewards) jarraibideei kasu egitea gomendatzen da.
Estadiorako sarbidea
Realeko zaleek Entrance 6 sarreratik sartu beharko dute estadiora, bisitarien harmailari dagokion sarbidetik.
Estadiorako sarbidean, sarrera egiaztatuko da, segurtasun-miaketak egingo dira eta sarrera tornuan irakurriko da. Estadiora garaiz iristea gomendatzen dizugu.
Sarrerak PDF formatuan izango dira. Zaleek mugikorrean erakutsi edo paperean inprimatuta eraman ahal izango dituzte. Mugikorra erabiltzekotan, pantailaren distira ahalik eta handiena izatea gomendatzen da.
Bisitarien harmailako sarrerak ez dira zenbakidunak. Sarreran zehaztuta agertuko den datu bakarra sarbide-atea izango da. Gainerako eremuetan UNRESERVED hitza agertuko da.
Hona hemen sarrera baten adibidea:
Debekatutako objektuak
Segurtasun-arrazoiak direla eta, zaleek ezin izango dute objektu handirik sartu estadiora.
Baimendutako poltsek eta motxilek txikiak izan beharko dute, gehienez 11,7 × 8,7 × 8,7 hazbeteko neurriekin, eta sarbidean miatuko dira.
Sarreran arazorik ez izateko, poltsarik, eskuko poltsarik edo motxilarik ez eramatea gomendatzen dugu.
Era berean, debekatuta dago janaria eta edaria estadiora sartzea.
Sarbideko segurtasun-prozedura
Zale bisitari guztiek gorputz-miaketa eta poltsen ikuskapena gainditu beharko dituzte tornuetara iritsi aurretik.
Fan Guide gidak baieztatzen du zale guztiei pat-down check izeneko gorputz-miaketa egingo zaiela, eta poltsak ere ikuskatuko direla.
Janaria, edaria, alkohola eta ordainketa-moduak
Bisitarien harmailako eremuan janaria eta edariak egongo dira eskuragarri.
Edari alkoholdunak tabernetan eta estadioaren barruko pasabide eta atondoetan (concourse) soilik kontsumitu ahal izango dira.
Erresuma Batuko araudiaren arabera, debekatuta dago harmailetako eserlekuetan alkohola kontsumitzea. Freskagarriak eta edari beroak, aldiz, harmailetan kontsumitu ahal izango dira.
Estadioko salmenta-puntuetan ez da eskudirurik onartuko (cashless). Beraz, txartelarekin edo eskudirurik gabeko beste ordainketa-sistema batzuekin soilik ordaindu ahal izango da.
Partidaren ondorengo irteera
Litekeena da partida amaitu ondoren zale bisitariak estadioan denbora batez atxikita egotea, segurtasun-arrazoiak direla eta.
Crystal Palaceren arabera, itxaronaldia 15–20 minutu ingurukoa izan daiteke, nahiz eta iraupena partidaren aurreko eta partidako egoeraren araberakoa izango den.
Fan Guide gidak ere adierazten du Europako partidetan itxaronaldia laburra izaten dela, eta bi taldeetako zaleen irteera segurua eta bereizia bermatzeko egiten dela.
Partidaren ondorengo garraioa
Partida hasi aurretik, hotelera, aireportura edo ostatura itzultzeko ibilbidea planifikatzea gomendatzen dizugu, baita garraio publikoaren ordutegiak eta ibilbideak aldez aurretik egiaztatzea ere.
Bisitarien harmailatik irteteko baimena eman ondoren, zaleek poliziaren eta segurtasun-langileen (stewards) jarraibideak bete beharko dituzte.
Fan Guide gidaren arabera, irteera mailakatua izango da, eta zaleak Whitehorse Lanetik dagozkien tren-geltokietara bideratuko dituzte.
Gidak adierazten du, halaber, Selhurst eta Thornton Heath geltokietan partida osteko tren-zerbitzuak egongo direla, nahiz eta ohikoa den ilarak sortzea.
Disfruta de tu nuevo carnet digital
Zure informazioa eta datuak konsultatu edo aldatu
Zuretzat bakarrik ekintza eta promozio bereziak
Zozketak, sariak, 360 bideoak, etabar
Gure taldeen eta jokalarien estatistikak
Gure artxibo historikoa kontsulta egin
Audioak, postalak, posterrak eta aldizkariak jeisteko prest.
Zure argazkia taldearekin