Realak triangular bat jokatu du gaur goizean Lakuntzan (Nafarroa) SD Eibar eta CA Osasunaren aurka. Partida bakoitzak 45 minutuko iraupena izan duelarik, txuri-urdinek lehenengoan hutsean berdindu dute talde armaginaren aurka eta bat eta huts galdu dute nafarren aurka bigarrenean.
Lehen norgehiagokan, donostiarrek hutsean berdin dute Eibarren aurka, nahiz eta neurketaren zati handi batean nagusi izan. Lehen hamabost minutuetan aukera nabarmenik izan ez duen hasiera baten ondoren, Reala jokoaren pisua bereganatzen hasi da, Astralagaren ate ingurura hurbilduz, baina arrisku handirik sortu gabe. Aukera argiena Ednaren baselina batekin etorri da, eskuineko zutoinetik oso gertu joan dena. Hortik aurrera, Arturo Ruizek zuzentzen duen taldeak nagusitasunari eutsi dio eta beste iritsieraren bat izan dute, baina ez dute asmatu eta hutsean amaitu dute partida.
Bigarren neurketa, Osasunaren aurkakoa, Mirariren abagune paregabe batekin hasi da, Monen aurrean bakarrik geratu ostean ezin izan baitio gainditu. Gipuzkoarrak baloiaren jabetza mantendu dute lehen minutuetan. Hala ere, bi taldeak arean arriskua sortzen saiatu dira eta, 18. minutuan, Sarriegik nafarrak aurretik jarri ditu markagailuan. Donostiarrak erantzuna ematen saiatu dira eta, dagoeneko azken txanpan, berdinketa oso gertu izan dute atezainak geratu duen Lucia Pardoren erremate batekin eta, handik gutxira, Paula Fernandezek zutoinera bidali duen jaurtiketa batekin. Azkenean ez da gehiago mugitu markagailua eta bat eta hutsekoarekin amaitu da norgehiagoka.
Realak minutuak batzen eta ligaren hasierarako prestatzen jarraitzen du. Datorren asteartean, beste lagunarteko bat Real Oviedoren aurka Ribamontanan (Kantabria).
Lehen partidako hamaikakoa: J. Arrula, Emma, Soroa, Apari, Moraza, Andreia, Lavogez, Arola A., Cecilia, N. Eizagirre eta Edna.
Bigarren partidako hamaikakoa: A. Estensoro, Lucía, Azpirotz, M. Molina, Aiara, P. Fernández, Cahynová, Isasisasmendi, Intza, L. Pardo eta Mirari.