Realak hiru eta bat irabazi dio SD Eibarri Zubietan jokatu den gipuzkoarren arteko derbian. Donostiarrak jaun eta jabe izan dira, bereziki lehen minutuetan, eta merezitako garaipena lortu dute.
Hasiera izugarria izan da. Lehen jokaldi arriskutsuan txuri-urdinek markagailua irekitzea lortu dute: Andreiaren baloi luzea eta Nereak, buruz burukoan, Miralles gainditu du goitik. Handik gutxira iritsi da bigarrena, Emmak eskuinetik baloia erdiratu eta Jensenek, erremate azkar batekin, baloia barrura bidali ostean. Eta hurrengo jokaldian, beste gol bat: Nerearen pase sakona, Bernaberen erdiraketa ezkerretik eta Mirarik, bigarren zutoinean, azken momentuan errematatu du txuri-urdinen garaipena bideratzeko. Donostiarren erakustaldia lehen hogei minutuetan. Hortik aurrera, Realak erritmoa jaitsi du, baina Eibarrek ez du arriskurik sortu eta markagailua mantendu egin da.
Kanpokoek aurrerapausoa eman dute bigarren zatian eta Realak baino arrisku handiagoa sortu dute. Lehen aukeretako bat Andreak izan du urrutiko erremate batekin; Letek, hori bai, erantzun bikaina eman dio erremateari eta arriskua urrundu du. Eibartarrek estutzen jarraitu dute, eta Anneliek, urrutitik egindako beste erremate batekin, berriz ere estutasunean jarri du atezain txuri-urdina, baina gola saihestea lortu du. Etxekoen aukerarik onena bigarren zatian Amaiurrek izan du, zutoinean jo duen erremate gurutzatu batekin. Azken txanpan eta asko saiatu ondoren, kanpokoek markagailuko aldea murriztu dute Nati Canoren golari esker.
Beste garaipen bat etxean Realarentzat partida hasiera ikusgarri bati esker. Datorren igandean, derbia Lezaman Athletic Cluben aurka. Aurrera Reala!
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad: Lete, Emma, Etxezarreta, Vanegas, Bernabé (Izarne, min. 70), I. Arnaiz, Andreia (Apari, min. 84), Lorena (Franssi, min. 70), Mirari (Amaiur, min. 54), N. Eizagirre (kap.) eta Jensen.
SD Eibar: Miralles, Annelie, Carla (Kenni, min. 46), Jujuba, Elba, Eider, Amani (Honoka, min. 58), Altonaga (kap.) (Zaïra, min. 81), E. Pizarro (Nati Cano, min. 70), Campos eta Malado (Andrea A., min. 46).
Golak: 1-0: N. Eizagirre, min. 4; 2-0: Jensen, min. 16; 2-0: Mirari, min. 19; 3-1: Nati Cano, min. 83
Epailea: Gil Soriano. Txartel horia erakutsi die etxeko Jenseni eta kanpoko Amani, E. Pizarro eta Andrea A.-ri.