KELERREKIN DUGUN ALIANTZA BERRITU DUGU

One Club Beer

“Onenean eta txarrenean zurekin egongo naiz.” Leialtasuna gero eta urriagoa da futbol munduan. Baina, zorionez, beti daude salbuespenak. Real Sociedadek eta Keler garagardogile donostiarrak ia bi hamarkadaz izan duten harremanak arau hori baieztatzen du. Bi aldeek harreman eder hau berretsi dute, eta hitzarmena 2029-30 denboraldira arte luzatu dute. Jokin Aperribay lehendakariak eta Lore Azpitarte garagardogilearen markaren marketin arduradunak sinatu zuten akordioa joan den asteartean, klub txuri-urdinaren bulegoetan.

“Eskerrik asko Keler, eredugarri izateagatik” 

Harreman estu hau une zail batean hasi zen, 2006ko udaren atarian. Realak eta Kelerrek elkarri konfiantza eskaini zioten beharra handia zen une batean, eta, hemeretzi urte geroago, gutxienez beste bost urtez jarraituko dute elkarrekin. Jokin Aperribayk bere poza adierazi du hitzarmena berritzeagatik: “Bi hamarkadaren ondoren berritzen duzunean, esan nahi du oso urte onak izan direla, harremana aparta izan dela eta oso emankorra bi enpresentzat. Oso pozik gaude Kelerrek Realean konfiantza izaten jarraitzen duelako, uste duelako bazkide on bat garela, asko ematen dioguna. Eskerrak eman nahi dizkiegu Realarekin duten harremanean eredugarri direlako”.

“Bizi, sentitu eta ospatzeko modu bera” 

Aperribayren hitzei jarraiki, Lore Azpitartek azpimarratu duenez, “Kelerentzat hitzarmen hau askoz gehiago da babesletza bat baino, hiriko bi ikur historikoren arteko lotura naturala baita, Donostiakoa. Gipuzkoar jatorria eta harrotasuna ez ezik, Realarekin bizitzeko, sentitzeko eta ospatzeko modu bera partekatzen dugu”. Eta hala jarrai dezagun, beste bi hamarkadetan ere ospatzen eta topa egiten.

Beti gure zaleekin 

Hemeretzi urte hauetan, Keler eta Reala une historikoak partekatzen aritu dira –klubaren mendeurrenaren ospakizuna, adibidez– eta jokalariak zein zaleak babestu dituzte, gure zaleen oroimenean iltzatu diren kanpainetan. Denboraldi bakoitzaren amaieran, eta klubeko jarraitzaileen botoen bidez, Kelerrek denboraldiko MVPa saritzen du. Beste edizio batzuetan, zaleek denboraldiko Keler Jokalari gisa aukeratu dituzte Le Normand (21/22), Kubo (22/23), Barrenetxea (23/24) eta Zubimendi (24/25).

Keler Realaren babesle ofiziala da 2006tik, eta urtez urte berritu du konpromisoa, klubarekin duen lotura sendoagatik eta partekatzen dituzten balioengatik. Realarekin duen hitzarmen honek erakusten du Kelerrek kirolarekin eta futbolaren munduan tradizio ikaragarri handia duen klub batekin duen harremana, zeinak, Kelerrek bezala, mende oso bat betea baitu euskal kulturaren parte izaten.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!