Fever, Technology & Demand Generation Partner berria

Ongi etorri, Fever

Hiru denboraldirako sinatutako akordioari esker, Feverren teknologia eta banaketa- zein marketin-gaitasunak klubaren ekitaldien kudeaketan eta merkaturatzean txertatuko dira

Feverrek eta Realak lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Horren bidez, Fever klubaren Technology & Demand Generation Partner bihurtu da. Aliantza 2026ko uztailaren 1etik dago indarrean, hiru denboraldiko iraupena izango du eta zaleen esperientzia hobetzea eta Realaren ekitaldien merkaturatzea sustatzen jarraitzea du helburu.

Akordioak lehen taldeko, filialeko eta emakumezkoen taldeko partidetarako sarreren salmentaren kudeaketa jasotzen du, baita Realaren Tourrerako sarreren salmenta ere. Horrez gain, Anoetan antolatzen diren beste ekitaldi batzuen merkaturatzea ere barne hartzen du, hala nola kontzertuak, ikuskizunak eta bestelako entretenimendu-esperientziak.

Horretarako, Feverrek sarreren salmentarako bere teknologia eta banaketa-plataforma jarriko ditu klubaren eskura, eta marketin-estrategietan eta eskaria sortzeko ekintzetan ere lagunduko dio. Lankidetzari esker, Feverren datuak aztertzeko eta merkataritza-jarduera optimizatzeko gaitasunak ere baliatu ahal izango dira. Era berean, nazioarteko merkatu estrategikoetan duen presentziak eta erabiltzaileen sare globalak klubaren ekitaldiei ikusgarritasun handiagoa ematen lagunduko dute.

Zaleek erosteko esperientzia errazagoa eta intuitiboagoa izango dute, sarrerak eta, pixkanaka, klubaren beste esperientzia batzuk plataforma zentralizatu baten bidez eskuratzeko aukerarekin. Realaren partidetarako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude plataforma berrian, klubaren webgune ofizialetik sartuta. Laster, Tourra eta estadioan antolatutako beste ekitaldi eta esperientzia batzuk ere gehituko dira.

Rocío Trujillo, Feverreko Europa hegoaldeko zuzendari nagusia: «Realak klubarekin lotura estua duen zale-komunitatea du, baita kirola eta bestelako entretenimendu-esperientziak uztartzen dituen estadioa ere. Ilusio handia egiten digu klubarekin elkarlanean aritzeak eta gure teknologia eta banaketa-gaitasunak eskaintzeak, bere ekitaldietarako sarbidea errazteko eta gero eta jende gehiagorengana iristen jarraitzeko».

Begoña Larzabal, Realeko Negozio zuzendaria: «Beste urrats bat da gure estadioak kirolerako eta entretenimendurako gune gisa duen potentziala garatzen jarraitzeko eta Realarentzat hazteko aukera berriak sortzeko. Gure zaleekin dugun harremana gero eta estuagoa izatea nahi dugu, baita sarrerak erosteko edo klubak eskaintzen dituen esperientziez gozatzeko garaian ere. Feverrekin egindako aliantza honek helburu horretan aurrera egiten eta publiko berriengana iristen lagunduko digu, bai gure inguruan, bai nazioartean».

Akordio honen bidez, Feverrek eta Realak teknologia, marketina eta ezagutza uztartuko dituzte, zaleei esperientzia hobea eskaintzeko eta klubaren ekitaldien ekosistemaren hazkundea sustatzen jarraitzeko.

Feverri buruz

Fever mundu mailako plataforma teknologiko liderra da zuzeneko kultura- eta entretenimendu-esperientziak ezagutzeko. Azken urtean, 55 herrialde baino gehiagotan 300 milioi pertsona baino gehiago inspiratu ditu esperientziarik onenez gozatzera.

Kulturarako eta benetako entretenimendu-esperientzietarako sarbidea demokratizatzeko helburuarekin, Feverrek erabiltzaileak esperientzia eta ekitaldi paregabeez gozatzera animatzen ditu —murgiltze-erakusketetatik eta kirol-ekitaldietatik hasi eta antzerki interaktiboko emanaldietara, kontzertuetara eta jaialdietara arte—. Aldi berean, bere bazkideei datuak eta teknologia eskaintzen dizkie, mundu osoan esperientzia berriak garatu eta zabaltzeko.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!