Sansek hiru eta huts irabazi dio Barça Atlètic taldeari gaur arratsaldean Zubietan. Eder Garciak lehen zatian eta Dani Diazek eta Ruperezek bigarrenean egindako golek garaipena etxean utzi dute partida ikusgarri baten ondoren.
Talde katalana izan da nagusi lehen minutuetan, baina ez du gehiegizko arriskurik sortu. Donostiarrek gorantz egin dute minutuek aurrera egin ahala eta lehen zatiko aukera garbienak izan dituzte. Mariezkurrenak abagune argia izan du Kocheni baloia lapurtu ondoren, baina Joan Anayak gola ekidin du marra gainean. Handik gutxira, Eder Garciak langara bidali du baloia area ertzetik. Saria Fragak hasi, Mariezkurrenak gidatu eta Eder Garciak, oraingoan bai, amaitutako kontraeraso bikain baten ondoren iritsi da. Azken minutuetan txuri-urdinek abantaila eustea lortu dute eta aurretik joan dira atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran partida orekatuta mantendu da, bi taldeek iritsieraren bat edo beste izanik. Sergio Franciscok egindako aldaketen ondoren Sansek martxa bat gehiago sartu du, eta Dani Diazek, zelaian sartu berritan, etxekoen bigarren gola egin du Marchalen erdiraketa bat aprobetxatuta. Mariezkurrenak gidatutako beste kontraeraso baten ondoren, Ruperezek gipuzkoarren hirugarrena egin du partida bideratuta uzteko. Azken txanpan ez da gol-aukerarik egon eta partida garaipen sendo eta garrantzitsu batekin amaitu da gure filialarentzat.
Neurketa bikaina txuri-urdinek egindakoa. Hiru puntu hauei esker sailkapeneko bigarren postura igo dira eta Bigarren Mailara igotzeko playoff postuetan mantenduko dira beste aste batez. Datorren jardunaldian Tarazonaren aurka jokatuko dute etxetik kanpo. Goazen Sanse!
Fitxa teknikoa:
Sanse: Fraga, Rupérez, Beitia, P. Rodríguez (kap.), Balda (Agote, min. 81), Lebarbier, E. García (Marchal, min. 70), Goti (Astigarraga, min. 88), M. Rodríguez (Díaz, min. 70), Mariezkurrena eta Orobengoa (Carbonell, min. 70).
Barça Atlètic: Kochen, Joan Anaya (Godoy, min. 46), Mbacke, S. Domínguez, Rubén López (Jan Virgili, min. 76), Aleix Garrido (kap.), Pedro Soma, A. Fernández (Oduro, min. 76), Brian Fariñas (Landry, min. 46), Dacosta eta Guillermo.
Golak: 1-0: E. García, min. 30. 2-0: Díaz, min. 71. 3-0: Rupérez, min. 78.
Epailea: Morilla Turrión. Txartel horia erakutsi die etxeko E. García, Rupérez eta Baldari.