Realak nortasunez eta ausardiaz lehiatu du Real Madrilen aurka Zubietan, exijentzia handiko neurketan. Txuri-urdinek beren momentuak izan dituzte, aurkariaren areara erabakitasunez iritsi dira eta azken unera arte saiatu dira, baina Gorka Álvarezen taldeak egindako lanak ez du saririk izan markagailuan.
Erritmo biziarekin hasi da neurketa, eta lehen minutuetan iritsi dira partidako lehen bi golak. Real Madrilek jo du aurrena Beerensteynen bitartez; aurrelariak ez du barkatu Julia Arrularen aurrean, eta jaurtiketa gurutzatu batekin aurretik jarri du talde madrildarra. Realaren erantzuna, ordea, berehalakoa izan da. Hiru minutu geroago, Gorka Álvarezen taldeak berdinketa lortu du kalitate handiko jokaldi baten bidez. Nereak eskuin hegaletik abiatu du erasoa, hiru aurkari atzean utzi eta baloia atzera eman du; Ceciliak bikain baliatu du pasea, baloia zuzenean eskuadrara bidalita. Hasiera ikusgarri horren ondoren, partida orekatu egin da, eta bi taldeek izan dituzte aurkariaren areara gerturatzeko aukerak, azken metroetan asmatu ez badute ere. Realak ausart jokatzen jarraitu du, eta ordu erdia betetzear zela gertu izan du bigarrena. Nerea izan da berriro protagonista, baina haren jaurtiketa gurutzatua zutoinaren ondotik kanpora joan da, gutxigatik. Handik gutxira, txuri-urdinek berriro izan dute markagailuan aurretik jartzeko aukera geldikako jokaldi batean: Ceciliak kornerra atera du, Nereak baloia pasatzen utzi du eta Frohmsek lanak izan ditu arriskua aldentzeko.
Real Madrilek indartsu ekin dio bigarren zatiari, eta bi aldiz gerturatu da Realaren areara lehen minutuetan. Horietako arriskutsuenean, Juliak geldiketa bikaina egin du, luzatuta baloia urruntzeko. Txuri-urdinen erantzuna, ordea, ezin hobea izan da. Klara, gelako azkarrena, erne ibili da eskuin hegalean baloia berreskuratzeko, eta atzera jokatu du Estherri. Honek erdiraketa bikaina jarri du areara; Ainoa gutxigatik ez da errematera iritsi, baina Cecilia bigarren zutoinean zain zegoen. Aurrelariak maisuki egin du mozketa, eta jokaldia bikain amaitu du bere bigarren gola sartu eta Reala markagailuan aurretik jartzeko. Minutuek aurrera egin ahala, Real Madrilek estutu egin du eta markagailuari buelta ematea lortu du. Däbritzek bi gol sartu ditu, eta talde madrildarra berriro jarri du aurretik. Realak, ordea, ez du amore eman, eta amaierarako hamar minutu falta zirela, berdinketa lortzeko aukera paregabea izan du hamaika metroetatik. Pauferrek ezin izan du lehen jaurtiketa sarera bidali, ezta aldaratzea baliatu ere, baina atezaina aurreratu egin denez, penaltia errepikatu behar izan da. Bigarren saiakeran, berezko duen odol hotzarekin, Pauferrek ez du barkatu eta binakoa ezarri du berriro markagailuan. Pozak, ordea, gutxi iraun du. Minutu bat geroago, Schröderrek Real Madrid aurretik jarri du berriro. Jokalari berak eman dio amaiera partidari handik gutxira, Däbritzekin batera egindako jokaldia borobildu eta bisitarien bosgarren gola sartuta, behin betiko 3-5ekoa ezartzeko.
Saririk gabe amaitu du Realak ligako neurketa, eta dagoeneko hurrengo erronkan jarri du arreta. Europa Zubietara itzuliko da asteazkenean, gau erabakigarri baterako. Txuri-urdinek Heart of Midlothian hartuko dute 19:00etatik aurrera, final-zortzirenetarako txartela jokoan dela. Kanporaketa etxean erabakiko da.
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad: J. Arrula, Esther (Ainhoa M., min. 60), Apari, Florentino, Moraza (Maren, min. 90), P. Fernández, L. Camino, Cahynová (Isasisasmendi, min.90), Ainoa (Seelenfreund, min.73), Cecilia eta N. Eizagirre (Intza, min. 73).
Real Madrid CF: Frohms, Eva Navarro, M. Mendez (Elisa, min. 60), Andersson, Levels (Lakrar, min. 35), Keukelaar (Linda C., min. 46), Andreia J.J., Caruso, Athenea, Oihane SM (Schröder, min. 60) eta Beerensteyn (Däbritz, min. 60).
Golak: 0-1: Beerenstein, min. 3; 1-1: Cecilia, min. 5; 2-1: Cecilia, min. 50. 2-2: Däbritz, min.66; 2-3: Däbritz, min. 70.; 3-3: P. Fernández, min. 85; 3-4: Schröder, min. 86; 3-5: Schröder, min. 96.
Epailea: Ainara Andrea Acevedo. Etxeko Esther zein L. Camino eta kanpoko Eva Navarro, Schröder, Linda Caicedo eta Pau Quesada entrenatzailea zigortu ditu.
Disfruta de tu nuevo carnet digital
Zure informazioa eta datuak konsultatu edo aldatu
Zuretzat bakarrik ekintza eta promozio bereziak
Zozketak, sariak, 360 bideoak, etabar
Gure taldeen eta jokalarien estatistikak
Gure artxibo historikoa kontsulta egin
Audioak, postalak, posterrak eta aldizkariak jeisteko prest.
Zure argazkia taldearekin