REAL SOCIEDAD 3-0 SD EIBAR

Pauso sendoarekin

Vídeo

Realak merezimendu osoz irabazi dio gaur goizean Zubieta Estadioan SD Eibarri (3-0). Garaipen berri bat, hamabigarrena 18 neurketetan (Kopakoa barne), hirugarren postua sendotzeko.

Txuri-urdinek eraman dute partidaren pisua lehen zatian. Lehen aukera, hori bai, armaginena izan da, Carmenen erremate batekin, Arrulak bikain harrapatu duena. Ordu laurdena bete ondoren, eta lehen aukera arriskutsuan, donostiarrek aurrea hartu dute markagailuan: Nerearen pase luzea eta Intza Astralagaren zalantzaz baliatu da baloia sare barrura ezkerkada eder batekin bidaltzeko. Etxekoek estutzen jarraitu dute eta abantaila handitzeko bi aukera on izan dituzte: lehenengoa Nerearen falta batekin, Lavogezek ezin izan duena buruz argi jo, eta bigarrena Pardoren erremate batekin, Carlak marra gainean atera duena. Lehen zatiko azkena kanpokoen korner batean iritsi da Caminoren errematearen ostean, Arrulak geldiketa bikain batekin urrundu duena.

Txuri-urdinek nagusi izaten jarraitu dute aldageletatik igaro ostean. Bigarrena Pardoren erdiraketa batekin iristear egon da, baina Lavogez ez da iritsi Caminok area barruan oztopo egin diolako; epaileak, FVS-n jokaldia ikusi ondoren, ez du ezer adierazi. Armaginek minutu onak izan dituzte, eta Carla, burukada batekin, eta Camino, bigarren zutoinean egindako errematearekin, lehia berdintzetik gertu egon dira. Donostiarrak partidaren jabe egin dira berriro, eta, Emmak eskuin hegaletik egindako lehen barnekaldiaren ondoren, bigarrenean gola iritsi da: eskuin atzelariaren erdiraketa, Etxezarretak bere aterantz desbideratu duena garaipena bideratzeko. Azken txanpan, Ceciliak erdiraketa bat jarri du ezker hegaletik, baina Astralagak ezin izan du baloia harrapatu eta ate barrura sartu da.

Hirugarren postuan jarraitzeko hiru puntu gehiago. Zortzi puntuko aldea du Costa Adeje Teneriferekiko, laugarren sailkatua eta hurrengo aurkaria. Gehiagoren bila. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: J. Arrula, Lucía, Apari, Moraza, Aiara, P. Fernández (E. Guridi, min. 83), Cahynová, Intza (Cecilia, min. 83), N. Eizagirre (kap.) (Florentino, min. 83), L. Pardo (Emma, min. 60) eta Lavogez (Mirari, min. 76).

SD Eibar: Astralaga, L. Camino, Etxezarreta (Patri Ojeda, min. 87), A. Belem, Carla, Garazi (Elena Valej, min. 87), Sara M., Altonaga (kap.) (Iribarren, min. 69), Adela, E. Moreno (Iara, min. 80) eta Carmen Á. (O. Clement, min. 69).

Golak: 1-0: Intza, min. 17; 2-0: Etxezarreta (b.a.), min. 79; 3-0: Astralaga (b.a.), min. 88.

Epailea: Ainara Acevedo. Txartel horia erakutsi die etxeko Lavogezi eta kanpoko Sara M.-ri.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!