Belar hockeyko gure taldeak huts eta bat galdu Sanse Complutenseren aurka gaur goizean Zubietan. Txuri-urdinek, partida ona egin arren, ezin izan dituzte hiru puntuak lortu denboraldiko azken neurketan eta zazpigarren postuan bukatu dute liga. Lehen zatia oso parekatua izan da eta bi taldeek abagune asko izan dituzte, baina ez dira fin ibili eta golik gabe iritsi dira atsedenaldira.
Bigarren zatian, kanpokoak lehen minutuan aurreratu dira Victoria Madariagaren golari esker. Hortik aurrera, gipuzkoarrak markagailuan atzetik joan dira, baina arriskua sortzen jarraitu dute madrildarren arean. Hala ere, gaurkoan ez da gola iritsi eta huts eta batekoarekin amaitu da neurketa. Honenbestez, txuri-urdinek zazpigarren postuan bukatu dute liga denboraldian zehar gorabehera ugari izan ondoren, baina partida bakoitza amaierara arte borrokatuz. Datorren urtean, gehiago eta hobeto. Atxurrak gora!