ALBACETE BALOMPIÉ 3-1 SANSE

Porrota azken irteeran

Sansek porrota jaso du gaur arratsaldean Carlos Belmonten Albaceteren aurka 3-1 galduta. Txuri-urdinek, jada salbazioa lortuta, ezin izan dute punturik batu txapelketako azken irteeran.

Partida sentsazio onekin hasi da donostiarrentzat, hobeto sartu dira neurketan eta lehen aukera argia izan dute Carreraren bitartez, baina Mariñok ondo gelditu du. Hala ere, etxekoek sartu dute lehena Jefteren golarekin. Handik gutxira, Fragaren meritu handiko hainbat geldiketen ostean, Pepe Sanchezek aldea handitu du Mantxakoentzat eta maldan gora utzi du norgehiagoka atsedenaldira iritsi aurretik.

Aldageletatik igaro ostean, Sansek aurrerapausoa eman du eta minutu onak sinatu ditu. Garrok zortea porbatu du urruneko bi jaurtiketetan eta taldeak saria lortu du Carreraren golarekin. Lebarbierrek erdiraketa ona egin du errenteriarrak bere hamabosgarren gola sinatzeko. Baina hiru minutu beranduago, geldikako baloi batek berriro zigortu ditu txuri-urdinak Lluis Lopezen golarekin, Fran Gamezen erdiraketaren ostean. Azken txanpan, gipuzkoarrak gogor saiatu dira, baina, hala ere, aukerarik argienak etxekoentzat izan dira: Lluis Lopez bere bigarren gola sartzetik gertu geratu da langara egindako jaurtiketa batekin eta Alex Rubiok aukera argia izan du laugarrena sartzeko, baina Fragak erantzun bikaina eman dio.

Markagailuan saririk gabe, donostiarrek Cultural Leonesaren aurka itxiko dute denboraldia Zubietan, garaipen batekin amaitzeko helburuarekin. Aupa Sanse!

Fitxa teknikoa:

Albacete Balompié: D. Mariño, Lorenzo, Pepe Sánchez (kap.), Lluís López, C. Neva (Fabio, min. 74), Javier Villar (Álex Rubio, min. 59), Pacheco, Jogo, Fran Gámez (Javi Moreno, min. 80), San Bartolomé (A. Meléndez, min. 46) eta Jefté T. (Obeng, min. 75).

Sanse: Fraga, Garro, Ayo, Calderón (Kita, min. 71), Agote (kap.) (P. Arana, min. 84), Carbonell, Lebarbier (Mariezkurrena, min. 71), Eceizabarrena, Astiazaran (Ramírez, min. 62), Marchal (Díaz, min. 62) eta Carrera.

Golak: 1-0: Jefté T., min. 15; 2-0: Pepe Sánchez, min. 38; 2-1; Carrera, min. 52; 3-1: Lluís López, min. 56.

Epailea: Alonso De Ena. Txartel horia atera dio etxeko Pepe Sanchezi.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!