CHELSEA FC - REAL SOCIEDAD (ASTEAZKENA,19:45)

Londres, amets baten agertokia

Realak klub baten historian arrastoa uzten duten gau horietako bati egingo dio aurre asteazken honetan. Txuri urdinak Chelsea FC izango dute aurkari 19:45etik aurrera, AFC Wimbledonen zelaia den Cherry Red Records Stadiumen, UEFA Women’s Champions Leagueko hirugarren atariko kanporaketako joaneko partidan. Londres izango da lau urteren ostean Europan berriro lehiatuko den taldearentzat hitzordu handi honen agertokia, kontinentean bere bidea idazten jarraitzeko erronkari ilusioz gainezka helduta.

Aurrean, Europako futbolaren izen handienetako bat izango dute. Chelsea, azken denboraldietan kontinente mailako txapelketa nagusian ohiko bihurtu dena eta 2020-21 denboraldian txapeldunorde izan zena, Arturo Ruizen taldea muturreko exijentziako kanporaketa batean neurtzera etorriko da. Donostiarrak lehiatzeko prest iritsiko dira Londresera, aurkariaren mailaz jakitun, baina, era berean, beren nortasuna erakusteko eta kanporaketa Zubietan erabakitzeko aukera bizirik mantentzeko anbizioarekin. Sinesteko, lehiatzeko eta hitzordu handienetarako gordetako eszenatoki batez gozatzeko laurogeita hamar minutu.

Champions Leagueko lehen esperientzia hartatik lau urte igaro direnean, Realak berriro begiratzen dio Europari aurrez aurre. Orduan Bayern Munich izan zen; oraingoan, Chelsea izango dute zain Londresen. Belaunaldi berria, erronka berria eta elastiko bera, Gipuzkoa kontinenteko talde onenen artean ordezkatuz. Asteazken honetan hasiko den kanporaketak irailaren 2an izango du amaiera Zubietan. Aurretik, ordea, gogoratzeko gau bat. Lehiatzeko gau bat. Historia egiten jarraitzeko gau bat.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!