BARAKALDO 2-0 SANSE

Porrota Barakaldon

Sansek bi eta huts galdu du gaur arratsaldean Barakaldoren aurka. Bigarren zatiko hasieran eta azkeneko minutuan iritsi dira etxekoen bi gol horiek.

Ondo hasi dute neurketa Imanol Alguacilen mutilek, bizkaitarrek baina zertxobait hobeto. Lehenengo zatiko hasiera menderatu dute, baloiaren jabetzari esker, betiko estiloa jarraituz, baina gol aukerarik sortu gabe. Partidako lehenengo jokaldi arriskutsua etxekoen aldetik ailegatu da, De Paula protagonista izanik, baina bere jaurtiketa Zubiaurrek bidali du kornerreruntz. Atezain txuri-urdinak lan gehiago izan du hurrengo jokaldietan bizkaitarren gola saihesteko. Lehenengo Barbosaren jaurtiketa urrunduz eta geroago De Paularen burukada geldituz, kornerrera joan dena. Celorriok izan du berea Sanserentzat atsedenaldira iritsi baino lehen baina jaurtiketa ate gainetik joan da.

Barakaldoren gola bigarren zatia hasi denean iritsi da. Ezker hegaletik burutu dute jokaldia eta zentroa ipini ondoren Villacañasek buruz bidali du baloia ateruntz. Gola sartzen zuen taldeak garaipena lortuko zuela zirudien eta, zoritzarrez gaurkoan, hori gertatu da. Gipuzkoarrek saiatzen jarraitu dute, bereziki azkeneko ordu erdian, baina etxekoak ondo aritu dira atzean lanean. Celorrio, Thior eta Djouahrak aukera desberdinak izan dituzte neurketa berdintzeko, baina zorte handirik gabe. Azkeneko minutuan iritsi da Barakaldoren bigarren gola kontraeraso batean. Dopik amaitu du jokaldi hori.

Porrot hau ahaztu behar da eta bihartik aurrera hurrengo igandeko neurketa prestatzen hasi Langreoren aurka, aurten igo den taldea (18:00).


Fitxa teknikoa:

Barakaldo: Boian, Prats, Picon, Ruiz, Galan (Cuerva, min. 20), Marc, Sanchez, Villacañas (Ferreiroa, min. 58), De Paula, Barbosa, Benito (Dopi, min. 81).

Sanse: Zubiaurre, Petxarroman (Ujia, min. 74), Lapeña, Ozerinjauregi, Jimenez, Guevara, Gorostidi, Thior (Calvillo, min. 69), Lopez, Djouahra, Celorrio (Veiga, min. 63).

Golak: 1-0: Villacañas, min. 49; 2-0: Dopi, min. 94

Epailea: Galech Apezteguia. Txartel horia erakutsi die etxeko Picon, Prats eta Sanchezi eta kanpoko Celorriori.

Imanol Alguacil: “Neurketa oso berdindua izan da”

Imanol Alguacilek, neurketaren ondoren, Real Sociedad TV-rekin hitz egin du: “Neurketa oso berdindua izan da. Baloiaren jabetza gurea izan da eta beraiek kontraerasoekin sortu dute arriskua. Lehenengo zatian talde bakoitzak pare bat aukera izan ditu. Bigarren zatia hasi eta berehala gola eskuratu dute beraiek. Guk saiatzen jarraitu dugu baina gol aukera argirik sortu gabe. Taldea berdinketaren bila zegoenean beraiek bigarrena sartu dute azkeneko minutuan. Sendoagoak izatea falta izan zaigu”.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!