Bigarren taldeak bi eta bat galdu du Rayo Vallecanoren aurka. Txuri-urdinak aurretik jarri dira markagailuan Egigurenen gol bati esker, baina azken minutuetan etxekoek partida irauli dute.
Partida berez zaila baldin bazen, belarraren egoera tamalgarriak are gehiago zaildu du. Hala ere, talde donostiarra oso nagusi izan da lehen zatian. Aukera mordoa izan ditu, baina Egigurenek bakarrik lortu du gola. Hortik aurrera, talde madrildarrak hobetu egin du eta aukera oso garbia izan dute berdinketaren gola egiteko, baina langarekin topatu dira. Gorka Álvarezen taldeak abantaila mantendu du atsedenaldirako.
Bigarren zatiaren hasieran Vallecaseko taldea nagusi izan da. Hala ere, minutuak pasatu ahala talde gipuzkoarra aurrerantz joan da eta bigarren gola egiteko aukerak izan ditu, baina ez du azkeneko metroetan asmatu. Efizientzia falta gogor ordaindu du Realak, izan ere, partida bere azken minutuetan sartzen hasia zenean, Álvarezek berdinketaren gola egin du, eta handik gutxira, Viñasek madrildarrak aurretik jarri ditu. Filiala erreakzionatzen saiatu da denboraren aurka, baina azkenean hutsik itzuli dira.
Pena bat, gehiago merezi izan baitute txuri-urdinek. Gabonetako atsedenaldiaren ondoren hasiko dute bigarren itzulia, berriro ere etxetik kanpo, Eibar B-ren aurkako derbi gipuzkoarrean.
Fitxa teknikoa:
Rayo Vallecano: De Murga, Garcia, Dopico (Fernández, min. 71), Astudillo, Ponciano (Viñas, min. 64), Álvarez, Font (Valladolid, min. 71), Braojos, Bella, Velasco eta Rincón (Del Carmen, min. 88).
Real Sociedad B: Arrula, Etxebeste (Carretero, min. 86), Solozabal, Azpirotz, Agirrezabala (Uranga, min. 72), El Amraoui (Zunzunegi, min. 86), Santana, Aramburu (Arruebarrena, min. 72), Lezeta, Egiguren eta Isasisasmendi.
Golak: 0-1: Egiguren, min. 24. 1-1: Álvarez, min. 75. 2-1: Viñas, min. 83.
Epailea: Gutierrez Alonso. Txartel horia erakutsi die etxeko Astudillo y Viñasi eta kanpoko Agirrezabalari.