SD Huesca 1-2 Sanse

Puntu batera

Vídeo

Sansek aurrerapauso handia eman du mailari eusteko SD Huescaren aurka 1-2 irabazi ostean. Gipuzkoarrak Astiazaranen golari esker aurreratu dira eta, azken ordu erdia jokalari bat gutxiagorekin jokatu arren, partida erabakita utzi dute Ochiengek kontraerasoan sartutako golarekin. Txuri-urdinek, garaipen honekin, puntu bakar bat lortu behar dute datorren denboraldian Bigarren Mailan izango direla ziurtatzeko.

Hasiera parekatua eta intentsitate handikoa izan da, denboraldiko azken txanpa honetan sailkapenean jokoan zegoenaren jakinean. Lehen abagunea etxeko taldeak izan du, Sergi Enrichek buruz egindako errematean. Ansotegiren taldearen erantzuna berehalakoa izan da. Aukera handirik gabe, gipuzkoarrak pixkanaka hurbildu dira aurkariaren atera, eta lehen aukera Carbonellek buruz egindako erremate batean izan dute. Minutu pare bat igaro ondoren Astiazaranek erremate ikusgarria egin du buruz lehen gola sartzeko, Aguirreren erdiraketaren ostean, ordu erdia bete aurretik. Etxekoek, beharrean, partida estutu dute, Libertoren jaurtiketa batean berdinketa lortzeko aukera argia izanda. Fragak, geldiketa izugari batekin, baloia urrundu du. Txuri-urdinek abantaila handitzeko aukera izan dute atsedenaldira iritsi aurretik, baina Carreraren jaurtiketak, kontraeraso batean, zutoinarekin egin du topo. Hala eta guztiz ere, aurretik markagailuan bigarren zatiari aurre egiteko.

Sansek kontrolpean izan du partida bigarren zatiko lehen minutuetan, etxekoei baloia emanez eta kontraerasoetan azkartasuna bilatuz garaipena berresten saiatzeko. Hala ere, 66. minutuan epaileak Mikel Rodriguez kaleratu du txartel gorria zuzenean ikusi ostean, eta taldeak atzera egin behar izan du abantailari eusteko. Ariketa zaila izan da donostiarrentzat. Aldiz, denboraldi osoan zehar egiten ari direna erakutsi dute: amaierara arte lehiakor azaltzea. Eta horrela, beste kontraeraso batean, Ochiengek garaipena itxi du ordu laurden baten faltan. Luzapenean Escobarrek diferentzia murriztu du, baina ez da gehiagorako denborarik izan. Beste garaipen bat etxetik kanpo. Beste kolpe bat mahai gainean.

Txuri-urdinek garaipen handia lortu dute, 45 puntura iritsi dira eta mailan mantentzeko helburua puntu batera dute. Meritu izugarria. Orain, larunbatean Anoetan helburua ziurtatzera. Merezi dute. AUPA SANSE!

Fitxa teknikoa:

SD Huesca: Dani Martín, Toni Abad (Enol, min.53), J. Pulido (Kap), Iñigo Piña, J. Alonso (J. Escobar, min.72), Sielva (Ojeda, min.72), Javi Mier, Portillo, D. Luna, Liberto (J. Martín, min.77), Sergi Enrich (Seoane, min.77).

Sanse: Fraga, Dadie, Beitia (Kap), Kita, Balda (Agote, min.39), Carbonell, Aguirre (Lebarbier, min.73), M. Rodríguez, Astiazaran (G. Gorosabel, min.80), Ochieng (Ayo, min.80), Carrera (Mariezkurrena, min.73).  

Golak: 0-1: Astiazaran, min.27; 0-2: Ochieng, min.77; 1-2: Escobar, min.95.

Epailea: Manuel Ángel Hernández. Txartel horia erakutsi die etxeko Iñigo Piña, Pulido, Liberto, Sielva eta Lunari eta kanpoko Aguirre, Kita, Balda, Beitia eta Lebarbieri. Mikel Rodríguez 66. minutuan kalera du txartel gorri baten ondorioz.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!