SL BENFICA 2-1 REAL SOCIEDAD (UEFA YOUTH LEAGUE)

Saririk gabe

Vídeo

Realak bi eta bat galdu du SL Benficaren aurka UEFA Youth Leagueko hirugarren jardunaldian. Txuri urdinek 40 minutu baino gehiago jokatu dituzte bederatzi jokalarirekin, eta ahal izan duten moduan eutsi diote. Gainera, berdinketa heroikoa izan zitekeena lortzeko aukera argia izan dute luzapenean. 

Lisboarrek hasieratik ezarri dute euren jokoa eta erritmoa. Hugo Felixek, penaltiz, lehen gola sartzeko aukera izan du etxekoentzat, baina Folgadok, geldiketa bikain batekin, eragotzi egin du. Txuri-urdinek, euren aukera arriskutsu bakanetako batean, aurrea hartzea lortu dute Arrutiren falta jaurtiketa zuzen batekin. Baina euforiak gutxi iraun du eta Rafael Luisek aldaratze bat aprobetxatu du area barruan erdiratzeko eta Silvak, ate aurrean, ez du barkatu markagailuan berdinketa jarriz. Donostiarrak area kanpotik saiatu dira berriro Ramirezen jaurtiketa batekin, baina langa gainetik joan da. Lisboarrek estutzen jarraitu dute eta gola sartzeko abagunea izan dute Silvaren eta Rafael Luisen erremate banarekin, kanpora joan direnak oso gutxigatik. Lehen zatiko azken jokaldian partida zaildu egin zaie donostiarrei, hamar jokalarirekin geratu baitira Segurolak txartel gorria ikusi ostean.

Aldageletatik igaro ondoren, etxekoen nagusitasunak aurrera jarraitu du, egoera kontuan hartuta. João Regok bigarren gola sartzeko aukera izan du, baina Olarrak atepean eragotzi du. Handik gutxira, Folgadok txartel gorri zuzena ikusi du eta gipuzkoarrak bederatzirekin geratu dira. Hemendik aurrera, eutsi eta eutsi ahal den moduan. Jakina, lisboarrek aukera argiak izan dituzte gola sartzeko: Ivan Limak zutoinera bidali duen errematea, Hugo Felixen veste bat Velaerdek harrapatu duena, Rafael Luisek jaurti eta ateazain txuri-urdinak kornerrera bidali duen beste bat... Amaierarako hamar minuturen faltan, eta aurreko abaguneak bezain arriskutsua ez zirudien jaurtiketa batean, Rafael Luisek markagailuari buelta ematea lortu du Benficaren bigarren golarekin, area barrutik egindako ezkerkada baten ostean. Bi jokalari gutxiagorekin egon arren, donostiarrek berdinketa lortzeko aukera paregabea izan dute luzapenean, Astiazaranen langa gainetik joan den area barrutik egindako erremateari esker. Lastima.

Porrota ezer aurpegiratu ezin zaion Realarentzat. Azkeneraino borrokatu dute dena aurka zutela. Bi aste barru Benficaren aurkako lehia berria, baina oraingoan Zubietan. 

Fitxa teknikoa: 

SL Benfica: Velickovic, Diogo Spencer, Wynder, João Fonseca, Tiago Parente, Diogo Prioste (kap.) (João Veloso, min. 89), Rafael Luis, Hugo Félix (Mustmaa, min. 76), Silva (Gonçalo Moreira, min. 76), Iván Lima (Carlos Meotti, min. 89) eta João Rego.

Real Sociedad: Folgado, Nores (Garro, min. 59), Segurola, Beitia (kap.), Ropero, Olarra, Gibelalde (Gorosabel, min. 59), Arruti (Astiazaran, min. 76), Ramírez (Velarde, min. 59), Orobengoa eta Mariezkurrena (Arenzana, min. 82).

Golak: 0-1: Arruti, min. 20; 1-1: Silva, min. 25; 2-1: Rafael Luis, min. 79

Epailea: Van der Ejik (Herbehereak). Txartel horia erakutsi die etxeko Wynderri eta kanpoko Gibelalde, Orobengoa eta Roperori. Txartel gorri zuzena erakutsi die kanpoko Segurola (min. 45+1) eta Folgadori (min. 56).

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!